Egitarau zabala martxoaren 8aren inguruan, Emakumeen Nazioarteko Eguna

0

Igandean, Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da. Aldarrikapenerako egun hori beharrezkoa zaigu eskubide berdintasuna eskatzeko, soldata arraila desagerrarazteko, eta sexu erasoak behingoz amaitzeko, besteak beste.

Donostiako Udalak erakunde adierazpen bat onartu du, eta martxoaren 8aren harira, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariek jakitera emango dute ostiralean.

Berdintasuneko zinegotziak, Duñike Agirrezabalaga hau nabarmendu du: “Urrats garrantzitsuak egin dira gure hirian. Hala ere, lan handia dugu egiteko, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna oso-osoa izan dadin. Erakunde publikoek ekintzak eta programak sustatu behar dituzte, batetik, arraila murrizteko, eta, bestetik, gure gizartean gertatzen diren bereizkeria egoerak desagerraraz ditzaketen jarrerak eta erabilerak bultzatzeko; bereziki, emakumeen aurkako abusuak eta erasoak direla eta”.

Aurten ere hainbat jarduera antolatu dira martxoaren 8aren harira. Aste bukaeran, udaletxeko argiztapena morea izango da, eta Donostiako Udalak eta Berdintasuneko Kontseiluak parte hartuko dute mugimendu feministak antolatu duen manifestazioan.

Egitarau zabala

Donostiako Haurtxokoek eta Gaztelekuek, Donostia Kulturak, Berdintasuneko Departamentuak, emakumeen elkarteek eta mugimendu feministak askotariko jarduerak antolatu dituzte. Aurten, egitarau osoa biltzen duen kartela Concetta Probanza diseinatzaileak egin du. Hartan, emakumeen aniztasuna adierazten da, eta indarra zein aliantzak nagusitzen zaizkie ezberdintasunei. “Emakume guztiok ezberdinak gara, eta, askotariko jatorriak, adinak, kulturak, formak, gaitasunak eta aniztasunak abiapuntu hartuta, erakutsi nahi dugu emakumeok bat eginda hobeto bizi gaitezkeela eta patriarkatuaren bereizkerien aurka borroka egin dezakegula” azpimarratu du Agirrezabalaga zinegotziak.

Berdintasuneko Departamentuan, autodefentsa feminista lan ildo garrantzitsu bat da. Tailerrak antolatzen dira, eta, haietan, indarkeria matxistak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko lan egiten da. Donostiako Emakumeen Etxearen webgunean izena eman daiteke tailer horietan.

Gazteriako Departamentuak jarduerak antolatu ditu Haurtxokoen eta Gaztelekuen sarean, dagozkion adin tarteetara egokituak. Ekintza guztiek helburu hauek dituzte: emakumeen ekarpenak ezagutzea, erreferenteak diren emakumeak ikusgai egitea, eta bereizkeria kasuak identifikatzea.

Kultur etxeen sareak ere egitaraua osatu du sarritan, emakumeen elkarteek eta auzoetako talde feministek lagunduta. Egitarauaren barnean, hitzaldiak, zine proiekzioak, musika kontzertuak, eta hainbat erakusketa jaso dira, eta bertako informazioa Donostiako Kulturaren webgunean ikus daiteke.