Elektromugikortasun Zentroa Donostian kokatuko da

0

Gipuzkoako Foru Aldundiak 10.000 metro karratuko lurzati bat eskuratu du Donostiako Eskusaitzeta industrialdean. Leku horretan kokatuko da Mubil, Gipuzkoako elektromugikortasunaren zentro berria.

Donostiako Udalari erosi zaio eremua 2.009.148,06 euroren truke. Bertan eraikiko da elektromugikortasunaren eta energia biltegiratzearen erreferentzia zentroa,

  • lurraldeak elektromugikortasunaren alorrean dituen ahalmenak indartzeko,
  • mugikortasun elektrikoari lotutako sektorearen garapena bultzatzeko
  • eta Gipuzkoako enpresen nazioarteko posizionamendua indartzeko xedez.

Eskuratzea formalizatu da Gipuzkoako Foru Aldundian akordioa sinatzeko egin den ekitaldian. Bertan izan dira Markel Olano diputatu nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Ainhoa Aizpuru, Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Mubil Fundazioko lehendakaria ere badena.

Aurreikuspenen arabera, Eskusaitzetako industrialdeko obrak datorren urtean hasiko dira.

Mubil Gipuzkoako Elektromugikortasunaren Zentroak lau helburu nagusi izango ditu:

  • jarduera ekonomiko berria sortzeko ahalmen zientifiko-teknologikoak eta industrialak lerrokatzea;
  • lankidetzan jardutea ezagutza transferitzeko eta negozio hobi berriak sortzeko mekanismoak sustatzen, enpresa-ehun berri bat sortzeko, gaur egungoa eraldatzeko eta enplegu berria sortzeko;
  • bere jarduketak erakundeen lankidetza-sare batean integratzea,
  • eta Gipuzkoa mugikortasun jasangarriaren eta biltegiratzearen esperimentaziorako espazio bilaka dadin erraztea.