Europako Gizarte Funtsak 2021-2027 programazio- eta kudeaketa-aldi berria ezarriko duten ildoak azaldu ditu EAE-n

0

Ángel García Frontelo Europako Gizarte Funtseko Administrazio Unitateko zuzendariorde nagusiak Europako Gizarte Funtsaren 2021-2027 programazio- eta kudeaketa-aldi berria ezarriko duten ildoak, egun eztabaidatzen ari direnak, azaldu ditu gaur Bilbon. Enplegu Foroaren beste bilera batean eman du azalpena, Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Muro buru zela, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan.

Datorren urtean Europako Gizarte Funtsaren (EGF) programazio-aldi berri bat hasiko da. Hori du Europar Batasunak (EB) enplegua sortzen laguntzeko tresna nagusia. Pertsonei lanpostu hobeak lortzen laguntzen die eta EBko herritar guztientzako lan-aukera bidezkoagoak bermatzen ditu. Horretarako, Europako Gizarte Funtsak Europako giza kapitalean inbertitzen du: langileak, gazteak eta lan bila dabiltzan pertsona guztiak. García Frontelok adierazi duenez, Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa 10.000 milioi eurokoa da urtean, eta “milioika europarren lan-aukerak hobetzen ditu, bereziki lana lortzeko zailtasunak dituztenenak”.

Esparru berrian, bost lehentasun finkatu dira Europar Batasunak 2021-2027 aldian eskualdeen garapenean egingo dituen inbertsioetarako:

  • Europa adimentsuagoa, berrikuntzaren, digitalizazioaren, eraldaketa ekonomikoaren eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzaren bidez.
  • Europa ekologikoagoa eta karbonorik gakoa, Parisko Akordioa aplikatuko duena eta trantsizio energetikoan, energia berriztagarrietan eta klima-aldaketaren aurkako borrokan inbertituko duena.
  • Europa konektatuagoa, garraio estrategikoarekin eta sare digitalekin.
  • Europa sozialagoa, gizarte-eskubideen Europako zutabea errealitate bihurtuko duena, eta kalitatezko enplegua, hezkuntza, hezkuntza- eta lanbide-gaitasunak, gizarteratzea eta osasun-asistentzia eskuratzeko berdintasuna bultzatuko dituena.
  • Herritarrengandik hurbilago egongo den Europa bat, tokiko kudeaketa hazteko estrategiak babestuko dituena eta EB osoan hiri-garapen iraunkorra lortzen lagunduko duena.

Europako Gizarte Funtsak egingo dituen inbertsioak bereziki laugarren helburua izango dute jomugan.

2014-2020

Egungo programazio-aldian (2014-2020), Europako Gizarte Funtsak EAEn guztira egingo duen inbertsioa, Gazte Enplegurako Ekimena barne, 89,8 milioi eurora iritsiko da, eta 60.000 onuradun baino gehiago izango ditu.

Muro sailburuordeak nabarmendu duenez, “programazio-aldi bakoitzean, Europako Gizarte Funtsak ekarpen handia egin du Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu- eta inklusio-estrategietan, ez bakarrik ekonomikoki, baita hazkunde adimentsu, iraunkor eta integratzailearen Europako estrategiekin bat datozen neurri eta politika berritzaileak bultzatuz ere”.

Murok gogorarazi duenez, funts horren bidez —Europar Batasuneko egitura-funtsen artean zaharrena da—, Euskal Autonomia Erkidegoan, XX. mendeko 80ko hamarkadaz geroztik, enplegurako, prestakuntzarako eta inklusiorako programak eta proiektuak batera finantzatu dira, EBk enplegu gehiago eta hobeak sortzeko eta gizarte inklusiboagoa lortzen laguntzeko konpromisoa lor dadin.

Bileran, 2017-2020 Enplegu Plan Estrategikoaren 2019ko jarraipen-txostena ere aurkeztu da, eta 2020ko jardun-plana iragarri da.