Hondarribiko Udalak sustaturiko proiektu batean, Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariek pasa den astean Guadalupeko Gotorlekuaren barnean indusketa arkeologikoak burutu zituzten. Denetara 200 metro karratu arakatu ziren, bertan Gerra Zibil garaiko lurperaketak egongo zirenaren aztarna dokumentatuak baitzeuden.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak gehitu duenez, “Udalak onartu zuen 10.000 euroko dirulaguntza izendun baten bidez egin dira indusketa lan hauek. Lanen helburua, Guadalupeko Gotorlekuan bost gorpu edukiko lituzken fosa bat aurkitzea zen. Hala, Aranzadi Zientzia Elkartearekin akordio bat sinatu genuen, eta pasa den asteko asteazkenetik ostiralera burutu ziren lanak, eta ez da bertan ezer topatu”.
Aurretik, duela hilabete batzuk prospekzio geofisiko batzuk burutu ziren, bai georradar bidez baita magnetikoak ere, lurpean irregulartasunak edota indizioak bilatu asmoz.
Juantxo Agirre, Aranzadiko Idazkariak esan duenez “ahal izan diren esfortzu teknikoak egin dira, baina emaitza negatiboa izan da. Estatu mailan ikerlari talde honek ibilbide luzeena dauka 1936 eta 1945 garai arteko desagertutakoen aztarnak bilatzen eta topatzen. Hala ere, Guadalupeko Gotorlekuaren kasuan bezala, ez dira aurretik markatutako asmoak betetzen nahiz eta beharrezkoak diren baliabide tekniko guztiak erabili”.
Memoria historikoaren berreskurapena
“Abian jarritako ekimena Hondarribiko Udalean azken urteetan lanean diardugun Memoria Historikoaren berreskurapenean kokatu behar dugu. Duela aste gutxi, Pedro Barrusoren “Hauek ere ikusi zituzten ibaiak. Gerra eta errepresioa Hondarribian (1936-1948)’ liburuaren aurkezpena burutu zen.
Duela ia hiru urte “Kandido Saseta, Euzko Gudarosteko Komandantea eta bere ohorean antolatu zen batailoia” izeneko erakusketa antolatu genuen, Sasetaren heriotzaren 80. urteurrena zela eta. Muliaten sortu zen plaza berriari ‘Kandido Saseta plaza’ deitzea erabaki zuen Udalak era berean”.
Ekimen guzti hauekin aurrera egin nahi dugu iragan hurbilaren ezagutzan eta gatazkak kaltetutako pertsonen memoria berreskuratzeko ekimenetan” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak.