Lehendakariak berdintasunarekiko konpromisoa esparru sozio-ekonomikora eta Euskadiko enpresak zuzentzeko eta kudeatzeko ardurara hedatzea aldarrikatu du

0

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia lagun zuela, Emakumeak eta Enpresa topaketan parte hartu du Iñigo Urkullu Lehendakariak. Bertan, berdintasunarekin hartutako konpromisoa eta gogoa eremu sozioekonomikora zabaltzea aldarrikatu du, eta Euskadiko enpresak zuzendu eta kudeatzeko erantzukizunetara.

Topaketan mahai-inguru bat egin da eta emakumeek enpresaren munduan betetzen duten zereginarekin lotutako gaiak aztertu dituzte. Bertan hauek parte hartu dute: Arantxa Goenaga, Goenaga Esnekiak-eko gerentea; Inés Núñez de la Parte, Tubos Reunidos-eko Administrazio Kontseiluko idazkaria; Lourdes Pérez, Diario Vasco-ko zuzendariordea, eta Eneritz Zubizarreta, Globe Testing-eko operazioen zuzendaria.

Iñigo Urkullu Lehendakariak itxi du topaketa. Bere jardunean azpimarratu duenez, Euskadin, berdintasunari dagokionez, gero eta handiagoa da kontzientzia soziala, nahiz eta aitortu duen enpresetako zuzendaritza-postuetan gizonak baino gutxiago direla emakumeak eta, are eta garrantzitsuagoa, emakume gutxi dago prestakuntza-eremuetan, ondoren enpresetan maila handiagoko erantzukizunak hartzera eraman ahal izango dituzten horietan. Hala, Lehendakariak adierazi duenez, beharrezkoa da aurrerapausoak ematen jarraitzea Hezkuntzan, Lanbide Heziketan eta Unibertsitatean, bereziki zientzietako eta teknologietako espezialitateetan, era horretan emakumeek presentzia handiagoa izan dezaten enpresetako maila handiagoko erantzukizunetara eramango dituzten prestakuntza-eremuetan. “Lantzen jarraitzea merezi duen helburu bat da hau”, adierazi du.

Datorren martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna da, eta horrekin lotuta Emakundek urteetan zehar garatutakoidearioa, ibilbidea eta konpromisoa aldarrikatu ditu Lehendakariak. Iñigo Urkulluk gogora ekarri duenez, aurtengo kanpainan, “katerik gabe, katean”, Emakundek hauxe jartzen du agerian: “batasuna, talde-lana eta belaunaldien arteko transmisioa eskatzen dituen lana da berdintasuna”.