Zabortegien eden-defizita ikusita, baldintzak ezarri ditu Ingurumen Sailak zenbait industria-hondakin balorizagarri bota ahal izateko

0
PRUEBA

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak, sinatu duen agindu baten bitartez, “baimendutako eden maximora iritsi” eta Autonomia Erkidegoa jatorri duten hondakinei “lehentasuna emateko” beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea eskatu die hondakinak balorizatzen dituzten enpresei. Halaber, behin-behineko debekua ezarri zaie hondakin ez-arriskutsuak kudeatzen dituzten zabortegien titularrei eta zenbait hondakin-korronte sortzen dituzten enpresei: beren balorizazioa gauzatu ezean, ezingo dituzte hondakinak isurketa bidez bota.

Iragan otsailaren 6an gertaturiko zorigaiztoko luiziaren ostean eta betea dagoela egiaztatu denez Zaldibarko Verter Recycling instalazioa erabilezina geratu da; eta Cespa Conten, SAk kudeatzen duen Mutiloako (Gipuzkoa) zabortegia itxi da ere. Horren guztiaren ondorioz sortu den eden-defizita epe motzera eta ertainera arintzea bilatzen dute neurri horiek. Euskadik 2,2 milioi tona industria-hondakin ez-arriskutsu deuseztatzen ditu urtean eta, horietatik, Zaldibarrek 500.000 tona eta Mutiloak 350.000 tona hartzen zituzten, batez beste.

Guztira 850.000 tona (kopuru guztiaren heren batetik gora) hartzen zituzten bi instalazio horiek aldi berean itxi direla ikusita, Ingurumen eta Industria Sailburuordetzek lan-mahai batera deitu zuten iragan otsailaren 17an. Aipatura, zabortegi publiko zein pribatuetako arduradunak eta hondakin-korronte nagusienak (siderurgia, papera, fundizioa) sortzen dituzten elkarteetako buruak bertaratu ziren, eragin handiena izan duten industrientzako alternatiba ezberdinak bilatzeko xedearekin. Bilera horretan, Zaldibar eta Mutiloara bidaltzen ziren hondakinak onartzeko esfortzu berezia egin zezatela eskatu zitzaien zabortegiei eta otsailaren 20a eta 27a bitartean zabortegi bakoitzak epe motzera eta ertainera jaso ditzakeen hondakinak zehaztu zituen.

Zehaztutako kopuruak aztertu ondoren egiaztatu da eskuragarri dagoen eden osagarria 440.000 tonakoa dela urtean; ondorioz, 410.000 tonako eden-defizita egongo litzateke. Baina industria-jatorriko zenbait hondakin-korronteen balorizazio-aukerak aztertu ondoren kalkulatu denez, euskal zabortegiek urte honetan zehar hartu ezingo dituzten hondakinen bolumena 250.000 tonakoa izango da.

Ingurumeneko sailburuaren aginduak egoera horri egin nahi dio aurre eta horrenbestez, eta Ingurumeneko eta Hondakinen eta Kutsatutako Lurzoruen legeak betez, zenbait neurri zehaztu ditu. Lehenik eta behin, baimendua duten tratamendu-eden maximora iritsi eta Autonomia Erkidegoa jatorri duten hondakin-korronteei lehentasuna emateko beren esku dagoen guztia egiteko eskatu zaie hondakinak balorizatzeko Euskal Herriko enpresa guztiei.

Gardelegiko zabortegiaren titular den Vitoria-Gasteizko Udalari, beren baimenean aurreikusita dauden eta Araba jatorri duten ahalik eta industria-jatorriko hondakin ez balorizagarri gehien hartzea eskatu zaio, orain arteko beren jomuga dena dela.

Eta larrialdiko behin-behineko egoera hau eta hondakinak hartzeko eden-defizita ikusita, “hondakinen botatzea mugatzeko zenbait baldintza” inposatu zaizkie hondakin ez arriskutsuentzako zabortegietako titularrei eta ondoko hondakin-korronteak sortzen dituzten enpresei:

a- Beste eremu geografiko batzuk jatorri dituzten hondakinak: Beren balorizazio-tasa % 51tik beherakoa duten Euskaditik kanpoko hondakinak Euskadiko zabortegietan hartu ahal izateko ingurumen-arloko Administrazioaren berariazko baimena jaso beharko da.

b-Altzairugintza-jatorriko zepa zuri eta beltzak: Baimendutako balorazio-plantak jatorri dituzten errefus-zatikiak baino ez dira onartuko. Zabortegiek ezingo dute hondakin mota hau onartu, ezta eraikuntza-xedeetarako ere.

c-Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH): Baimendutako balorazio-planta finkoak jatorri dituzten errefus-zatikiak baino ez dira onartuko zabortegian. Zabortegiek ezingo dituzte EEHk onartu, ezta eraikuntza-xedeetarako ere.

d-Araztegiko lohiak (HUA): Hondakin hauek ia osotasunean baloriza daitezkeenez, ingurumen-arloko Administrazioaren berariazko baimena lortu beharko da zabortegira botatzeko.

e-Oregintzako lohiak: Hondakin hauek botatzeko baldintzak ezin dira zorrotzegiak izan, Euskadin ez baitago eden nahikorik hondakin hauen familia ezberdinak balorizatzeko. Nolanahi ere, beren baloraziorako presazko konponbideak planteatzea eskatu zaie urtean 10.000 tonatik gora botatzen dituzten eta autokudeaketarako instalaziorik ez duten enpresei. Zabortegira bota ahal izateko, ingurumen-arloko Administrazioaren berariazko baimena jaso beharko da.

f-Galdaketa-jatorriko harea eta finak: Hondakin hauek botatzeko baldintzak ezin dira zorrotzegiak izan, Euskadin ez baitago eden nahikorik hondakin hauek balorizatzeko. Nolanahi ere, beren baloraziorako presazko konponbideak planteatzea eskatu zaie urtean 5.000 tonatik gora botatzen dituzten eta autokudeaketarako instalaziorik ez duten enpresei. Zabortegira bota ahal izateko, ingurumen-arloko Administrazioaren berariazko baimena jaso beharko da.

g-Ibilgailuen zatitzea jatorri duten zatiki arinak: Baimendutako bigarren mailako desmetalizatze-plantak jatorri dituzten errefus-zatikiak baino ez dira onartuko zabortegietan. Oraingoz ez dugunez ahalmen nahikorik plastikoak banandu eta, ondoren, hondakin hau osotasunean balorizatzeko, horretarako presazko konponbideak planteatzea eskatu zaie urtean 5.000 tonatik gora botatzen dituzten enpresei.

a), e), f) eta g) idatz-zatietan jasotako hondakinak sortzen dituztenek, zabortegiak erabiltzen dituztenez gehienbat horiek kudeatzeko, hondakina epe motzera balorizatu ahal izateko konponbide tekniko bat urgentziaz planteatu beharko dute. Bere gauzatzea sei hileko epea amaitu aurretik hasi beharko da.

Bestalde, eta aginduaren arabera, zabortegiek, baimendutako balorizatzaileek eta Euskaditik kanpo deuseztatu edo balorizatzen diren hondakin ez-arriskutsuen sortzaileek kudeatu dituzten hondakinen erregistro kronologiko bat bidali beharko diote, hilero, ingurumen-arloko Administrazioari.

Aginduan zehaztutako neurrien indarraldia 12 hilekoa da, epe hori nahikotzat jo baita Euskadin sorturiko hondakin guztiak hartzeko edena izango dituzten instalazioak izateko. Xedea da Zaldibar eta Mutiloako zabortegien itxieraren ondorioz agerturiko arazoak epe horren barruan gainditzea.

Ingurumen sailburuordetzak hondakinen kudeatzaile nagusien (zabortegi, balorizazio-enpresa, etab.), ingurumen-ingeniaritza eta Aclima klusterrarekin batera lanean dihardu, Zaldibarko luiziaren ondorioz sorturiko egoera epe motzera, ertainera zein luzera konponduko duten neurri ezberdinak zehazteko helburuarekin.