Apirilaren 5ean hauteskunde-mahaietan egongo diren pertsonak izendatzeko zozketak martxoaren 7tik 11ra bitartean egingo dira

0

Guztira 24.000 pertsona baino gehiago izango dira (7.700 bat titular eta 15.500 bat ordezko) datorren apirilaren 5ean hauteskunde-mahaiak osatuko dituztenak. Erroldatuta dagoen eta irakurtzen eta idazten dakien 70 urtetik beherako edozein herritarrek jaso dezake hauteskunde-mahai bat titular edo ordezko gisa osatzeko deia, baldin eta martxoaren 7tik 11ra bitartean udaletxeetan egingo diren zozketetan hautatzen badute.

Martxoaren 7tik 11ra bitartean egingo dira udaletxeetan, eskualdeko hauteskunde- batzordeek gainbegiratuta, datorren apirilaren 5ean hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten 24.000 pertsona baino gehiago hautatzeko zozketak.

Udalerrian erroldatutako pertsona guztien artean zozketa bidez izendatutako lehendakari batek eta bi bokalek osatuko dute mahai bakoitza. Zozketa berean mahaiko kide bakoitzarentzako bi ordezko ere izendatuko dira. Legeak ezartzen duenez, erroldatuta dagoen eta irakurtzen eta idazten dakien 70 urtetik beherako edozein pertsonak jaso dezake hauteskunde-mahai bat osatzeko deia.

Izendapena hurrengo hiru egunetan jakinaraziko zaie hautatutako pertsonei. Jakinarazpenarekin batera, beteko dituzten eginkizunei buruzko argibide-eskuliburua entregatuko zaie, Eusko Jaurlaritzak egina eta hauteskunde-administrazioak gainbegiratua.

Hauteskunde hauetarako 2.677 mahai egongo dira guztira, 721 hauteslekutan banatuta. Lurraldez lurralde, Araban 426 mahai egongo dira, 99 hauteslekutan banatuta; Bizkaian 1.400 mahai 339 hauteslekutan; eta Gipuzkoan 851 mahai 283 hauteslekutan.

2016ko hauteskunde autonomikoetan 2.593 mahai egon ziren; horrek esan nahi du aurten 84 mahai gehiago egongo direla, eta, hortaz 756 bat pertsona gehiago izango direla mahaikide izateko deia jasoko dutenak.

Segurtasun Sailak argibide-eskuliburuaren 35.000 ale argitaratu ditu guztira, eta, besteak beste, hauteskunde-mahaiak osatzeko zozketa bidez izendatzen diren titularrei eta ordezkoei banatuko zaizkie. Eskuliburu hori martxoaren 12tik 14ra bitartean jasoko dute izendapenaren jakinarazpenarekin batera. Berrikuntza moduan, argibide-eskuliburuan desgaitasunen bat duten pertsonen botoa babesten duten Hauteskunde Batzorde Zentralaren irizpideak jaso dira.

Herritarren betebeharra

Lehendakari eta bokal karguak, edo hurrenez hurrengo ordezkoenak, nahitaezkoak dira erroldan erregistratuta dagoen eta zozketan horretarako izendatzen duten edonorentzat. Hauteskunde-egunean arrazoi justifikaturik gabe ez agertzeak espetxealdia edo isuna ekar dezake.

Alabaina, hauteskunde-legeak kasu jakin batzuetan betebehar horretatik salbuesteko aukera aintzat hartzen du, baldin eta horretarako arrazoi justifikatua eta dokumentatua badago. Horien artean daude kasu hauek:

  • Gaixorik dauden pertsonak eta ospitaleratuak.
  • Hauteskunde-barrutitik kanpo bizi direnak.
  • Ontziratutako langileak.
  • Legean xedatutakoaren arabera hautaezinak diren pertsonak.
  • Seigarren hilabetetik aurrerako haurdunaldian dauden emakumeak eta amatasun-atsedenaldian daudenak.
  • Bederatzi hilabete arte haurra edoskitzen ari diren emakumeak.
  • Hirurogeita bost urte edo gehiago dituzten pertsonak.

Gainera, ezin izango dira mahaikide izan hauteskunde-batzordeetako kideak, hauteskundeetan hautagai gisa parte hartzen dutenak, kargudun publiko hautatuak edo izendapen askekoak edo eskubide zibil eta politikoak erabat indarrean ez dituzten pertsonak.

Bestalde, mahaikide hautatuak izan diren pertsona gorrek, nahi izanez gero, zeinu-mintzairaren interprete baten laguntza izan dezakete mahaia osatzeko. Horretarako, harremanetan jarri beharko dute dagokien eskualdeko hauteskunde-batzordearekin.

Jakinarazpena jaso ondorengo zazpi egunetan, mahaikide izendatutako pertsonek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte edo salbuespena eskatu eskualdeko hauteskunde-batzordeari. Horiek egiteko inprimakia webgune honetatik deskarga daiteke: www.hauteskundeak.eus

Hauteskunde-mahaietako lehendakariek edo bokalek pertsonako 85 euroko dieta jasoko dute. Gainera, Gizarte Segurantzaren estaldura izango dute, eginkizunak garatzen dituzten bitartean istripurik izanez gero. 

Hauteskunde-mahaiaren erantzukizunak

Hauteskunde-mahaia arduratzen da bozketaren buru izateaz, botoak hartzeaz, boto-kontaketa egiteaz eta hauteskunde-egunean hauteskunde-legea betetzen dela zaintzeaz.

Hauteskunde-mahaia osatzeko izendatutako pertsonek –titularrek eta ordezkoek– goizeko zortzietan joan behar dute bozketa-egunean hauteslekura mahaia eratzeko. Egiaztatuko dute hautetsontzia eta bozketa-kabina egoera onean daudela, eta bertan direla boto-paperak, bozkatzeko gutun-azalak eta gainerako hauteskunde-inprimakiak.

Hauteslekua irekitzen denean, goizeko bederatzietan, hauteskunde-mahaia arduratuko da, besteak beste, hautesle bakoitza identifikatzeaz eta erroldan inskribatuta dagoen egiaztatzeaz.

Bozketa ixten denean, arratsaldeko zortzietan, posta bidezko botoak ireki eta hautetsontzian sartuko dituzte. Ondoren, hautetsontzia irekiko dute boto-kontaketa egiteko, eta hauteskunde-dokumentazioa epaitegian entregatuko dute.

Interneteko informazioa

Hauteskundeen web-orriaren bitartez (www.hauteskundeak.eus), herritarrek Euskal Autonomia Erkidegoko apirilaren 5eko hauteskundeei buruzko informazio guztia aurki dezakete.

Atariak informazio ugari eskaintzen du hainbat alderdiren gainean: hauteskunde-prozesuaren kronologia, lege-esparrua, boto presentzialaren eta posta bidezko botoaren prozedurak, hautesleentzako eta hauteskunde-mahaiak osatzera deitutakoentzako gidak, galde-erantzunak, inprimaki elektronikoak, eta abar. Urratsez urratseko gidek modu atseginean eta grafikoan argituko dituzte bozkatzeko prozeduraren inguruan sor litezkeen zalantzak.

Halaber, Segurtasun Sailak hauteskunde-informazioa emateko beste bide batzuk ere prestatu ditu, hala nola, kontsulta pertsonalizatuak egiteko aukera eskaintzen duen 012 telefonoa, edo hauteskunde-prozesuarekin erlazionatutako albisteak denbora errealean ematen dituen @hauteskundeak Twiter kontura harpidetzeko aukera.