Beste 18 koronabirus kasu detektatu dira Euskadin

0

Euskadik beste 18 COVID-19 kasu detektatu ditu azken orduetan, honela banatuta: 13 Araban eta 5 Bizkaian.

DATU EGUNERATUAK

ARABAN 13 positibo gehiago erregistratu dira, beraz, 33 lagunek dute koronabirusa dagoeneko. Guztietatik 13 ospitalizatuta daude, horietako 2 zainketa intentsiboen unitatean.

GIPUZKOAN ez dago berririk, eta 2 kasu positibo daude oraindik. Horietako bat ospitalizatuta dago.

BIZKAIAN beste 5 kasu gehitu dira, beraz, guztira 10 kasu positibo daude. Lurralde horretan bost pertsona daude ospitalizatuta.

Hala, Euskadin guztira 45 kasu detektatu dira, eta 19 pertsona daude ospitalizatuta.

Osasun Sailak eta Osakidetzak hurrengo ordu eta egunetan kasu berrien detekzio goiztiarrean eta horien jarraipen epidemiologikoan zentratzen jarraituko dute.

Epidemiologiako taldea lan zorrotza egiten ari da infekzio horren detekzio goiztiarrean. Ildo horretatik, nabarmendu behar da azken bi asteetan koronabirusa detektatzeko egindako 500 probetatik % 90ek baino gehiagok negatibo eman dutela.

Bestalde, herritarren artean birusak duen presentzia baloratzeko asmoz, epidemiologoen taldeak azken bi asteetako gripearen lagin izoztuak analizatu ditu. Hala, 102 gripe-probatan koronabirusa detektatzeko probak egin ditu, eta guztiek negatibo eman dute.

Horrek guztiak Osasun Saileko epidemiologiako taldeari iradokitzen dio orain arte birusaren presentzia ez dela ohikoa izan, lehenengo kasuak detektatu ziren aurreko asteetan, arnas sintomak dituzten pertsonetan.