Euskal Garagardoa – Basque Beer marka kolektiboa jaio da produktuaren jatorria ziurtatzeko helburuarekin

0

Euskal Garagardoaren Elkarteak Euskal Garagardoa – Basque Beer marka kolektibo berria aurkeztu du gaur, BECen ospatzen den Gustoko Azokan.

Javier Ortega Euskal Garagardoaren Elkarteko lehendakaria izan da horren arduradun eta Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea izan da gonbidatu bezala. Sektorearen eta kontsumitzaileen babesa bermatzeko beharra azpimarratu dute beste batzuen artean.

Javier Ortegak HAZIri eta Eusko Jaurlaritzari eskerrak emanez zabaldu du gaurko aurkezpena, ekimena aurrera ateratzeko emandako laguntza guztiagatik. “Euskadiko garagardo sektoreko kideak batzeko beharrak bultzatuta” sortu zen Euskal Garagardoaren Elkartea 2014an eta orduztik izan dute gaur argia ikusi duen marka kolektiboa sortzeko helburua. “Bertako ekoizpena bultzatuz lanpostu sorrerari, jasangarritasunari eta gure inguruko ekonomiaren garapenari laguntzen diogu” Ortegaren esanetan, “sektorearen eta kontsumitzailearen babesa bermatzearekin batera.” Izan ere, jatorria eta kalitatea dira Euskal Garagardoa – Basque Beer markak bermatu nahi dituen bereizgarriak.

Aurkezpenera gonbidatu gisa joan den Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Bittor Orozek “hau elkartearentzat mugarri bat” dela azpimarratu du, marka honek sektorea estrukturatzen ari denaren erakusle dela azpimarratuz. Elkartearen lana ere goraipatu du, “hazten ari den sektore bati koherentzia ematen dio” bere esatenetan eta elkartekideei eskertu die zerotik sortu dutenagatik. Sailburuordeak etorkizun oparoa iragarri dio “txikia den baina hazten jarraitzeko oinarri sendoak” dituen sektoreari.

Markari buruzko informazio guztiarekin martxan jarri da www.basquebeer.eus web orria eta sare sozialak: Facebook eta Twitter.

12 elkartekide

Gaur egun 12 elkartekidek osatzen dute Euskal Garagardoaren Elkartea eta horiek dira, hain justu, Euskal Garagardoa – Basque Beer marka erabiliko dutenak. Hala ere, elkartekide berriak erakartzea da etorkizuneko erronketako bat. Elkarteak euskal garagardogileentzat laguntza tresna izatea du xedetzat, bai gaur egun dauden ekoizleentzat eta bai etorkizunean sortuko direnentzat.

Honakoak dira, gaur egun, Euskal Garagardoaren Elkarteko bazkideak:

– Baias
– Boga Garagardoa
– Gar&Gar
– Olañeta
– Maiken Brewery
– La Salve
– Pagoa
– Txorierri Garagardoak
– Urban Beer!
– Etxeandia
– Basabe
– Orbea Pilsner