Gustokok elikagai-merkatu handia bihurtuko du BEC, bertako produktu jasangarriekin eta kalitatekoekin

0

Gustoko, bi urtean behin egiten den elikagaien eta produktu gastronomikoen azoka Bilbao Exhibition Centre-k 1. pabiloia elikagai-merkatu handi batean bilakatuko du gaurtik igandera arte. Estatuko ia lurralde guztietatik, eta Portugaletik eta Frantziatik, etorritako 300 bat ekoizlek beren eguneroko lanaren emaitzak erakutsiko dituzte, jatorriarekin eta ekoizpen jasangarriarekin, bertakoarekin eta artisautzarekin konprometituta.

Gustoko unibertsoak kaleak dituen herrixka baten moduan banatzen du espazioa: Jatorri-deitura kalea, Euskadiko Ekologikoak kalea, Slow Food kale nagusia, Gozokiak eta Edariak kalea eta Nekazaritza eta Landa kalea. Elikagai-merkatu berezi horrek, gainera, kultura-etxe bat izango du, eta bertako produktuak izango dituen txosna bat ere.

Gustoko azoka paregabea da, profesionalak eta publiko orokorra elkartzen baititu topaketa berean. Ildo horretatik, lehen taldearentzat dastatze pribatuak antolatu dira eta B2B topaketak prestatu dira. Azoka honen alderantzizko misioa garrantzitsua izango da, erosketa-zentralek, mota guztietako banatzaileek eta kanal espezializatuek ekoizleak bisitatuko baitituzte. Publiko orokorrari irekitako programazioari dagokionez, Bilbao Ostalaritza Goi Eskolak zuzendutako hainbat show cooking antolatuko dira, eta unibertsitateko katedradunek emandako dibulgaziozko hitzaldi zientifikoak egongo dira ere.

Tokiko ekoizleentzako erreferentea

Zuzeneko salmenta eta produktuen dastatzea oso presente egongo dira Gustokoren hirugarren edizio honetan, Estatu osoko nekazal-munduko erreferente bihurtu baita. Izan ere, ia autonomia-erkidego guztietako ekoizleek standa izango dute BECen. Horietako asko, gainera, beren lurraldeetako organismo edo erakunderen baten babespean elkartuko dira.

Ekoizleen artean Burgos, Ávila, Salamanca, Kantabria eta Asturias, Nafarroa, Errioxa, Katalunia, Andaluzia, Galizia eta Extremadurako ordezkariak etorriko dira, besteak beste. Eta Gustokon erakutsiko duten generoaren artean, honako hauek egongo dira: sagardoa, txakolina, garagardoa, eztia, arrautzak, urdaitegia… Ehunka produktu zentzumen guztiak esnatzeko, horietako askok Jatorri-deituraren edo Adierazpen Geografiko Babestuaren ziurtagiria baitute.

Ildo horretatik, edizio honetako berrikuntzetako bat Euskadiko ekoizle ekologikoentzako kale bat izatea da. Esparrura iritsi bezain laster, Slow Food kale nagusiaren parean aurkituko du bisitariak. Hain zuzen ere, lehengaien jatorrian eta horiek prestatzeko moduan arreta jartzen duen mugimendu hori oso presente egongo da Gustokoren edizio honetan. Bere show cooking propioak zuzentzeaz gain, kideek azoka honen esparrua baliatuko dute Slow Food komunitate berriak aurkezteko eta euskal komunitate eta ekoizleen arteko senidetze bat ospatzeko. Ekitaldia martxoaren 7an izango da, larunbata.

Goiz horretan bertan biziko da baita ere aurtengo beste ekimen berritako bat. Makilaren Kofradiaren eskutik, BECen egingo da Gustoko 2020 Gastronomia Lehiaketaren lehen edizioa, porrusalda on bat egitean datzana. Jende guztiak har dezake parte lehiaketan, eta proba hasi arte eman daiteke izena. Horrelako ekitaldietan ohikoa den mekanika erabiliko da: gisatuak jendearen aurrean prestatuko dira; aldez aurretik prestatutako osagairen bat erabiltzeak berehalako deskalifikazioa suposatuko du, eta kazola bakoitzak gutxienez lau errazio izan beharko ditu. Epaimahai profesional batek lehiaketarako egindako lanak baloratuko ditu, José Antonio Bastegietak, Markok, eta Jose Muruaga bermeotarrak aurkeztutako ekitaldi batean.