Jende aurrean jarriko da Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio azterlana

0

Datorren astelehenean, 2020ko martxoaren 9an, Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio-azterlana jendaurrean jartzen duen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren ebazpena argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA).

Gasteizko tranbiaren Zabalganarako luzapenak hamaika geraleku izango ditu, faseka eraikiko da, 120 milioi euroko aurrekontua izango du eta 6 kilometroko luzera. Horiek dira hiriburuaren erdialdearen eta Zabalganaren arteko tranbiaren lotura definitzen duen dokumentuak argitzen dituen datuetako batzuk.

Asteartean, hilaren 10ean, hasiko da edukiari buruzko alegazioak aurkezteko epea, eta 45 egun baliodun iraungo du. Egun horretatik aurrera, norbanakoek edo taldeek, edukiari, interes orokorreko deklarazioa justifikatzen duten inguruabarrei, trazatuaren kontzepzio orokorrari eta ingurumen arloko inpaktuaren ebaluazioari dagozkien alegazioak egin ahal izango dituzte.

Epe horretan, informazio azterlana eta ingurumen arloko inpaktuaren azterlana herritarren eskura egongo dira Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegitura Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz); Gasteizko Udaletxean eta www.euskadi.eus webgunean, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Garraioak atalean:

https://www.euskadi.eus/informacion/infraestructuras-ferroviarias/web01-a2garrai/es/

Helburuak

Tranbiaren luzapen berriak garraio publikoaren sarea hobetzea du helburu, eta baita ahalmen handiko garraio publikoaren hainbat modu elkarrekin lotzea ere, tranbiaren lineak eta BEA, besteak beste. Informazio azterlana idazteko orduan kontuan izan da tranbiak, orain arte bezala, lehentasuna izaten jarraituko duela bidegurutze guztietako semaforoetan.

Trazatuaren aukeraketa, alde batetik, Gasteizko hirigunetik igarotzean Abiadura Handiko linea lurperatzeko proiektuak baldintzatzen du hori lurperatzeko obra egin ezean tranbiaren trazatua ez litzatekeelako bideragarria izango.

Zabalganarako luzapenak auzo hori hiriaren erdigunearekin lotuko du, eta baita tranbiaren gainerako lineekin ere, Green Capitaleko, Floridako eta Angulemako geralekuen artean osatuko den trukatze-triangeluan. Linea hori, trenbidea lurperatzeak libre utzitako espazioa tranbiak aprobetxa dezan planteatzen da. Igarobide hori egituratzeko elementu bilakatzen da.

Tranbia Zabalganara iristean, trazatua bi adarretan banatzen da, tranbia sistema auzoko biztanle guztiengana hel dadin. Adar bat Mariturrirantz joango da, eta bestea Jundizerantz.

Proiektua gauzatuz lortu nahi diren helburu nagusiak hauek dira:

1) Tranbiaren gainerako lineen eta BEAren osagarri izango den, eta tranbia sarea Datoko abiadura handiko geralekuarekin lotuko duen linea bermatzea

Tranbiaren linea ezartzeak zuzeneko konexioa ezarriko du tranbiaren linea guztien artean, haien osagarritasuna ahalik eta gehien bermatuz eta joan-etorrietan egin beharreko garraio aldaketetako denborak murriztuz.

Green Capitaleko, Floridako eta Angulemako geralekuen artean trukatze-triangelu bat ezarriko da, eta bertan tranbiaren linea guztiak kontzentratuko dira. Horrez gain, linea berriak Datoko Abiadura handiko geraleku berriarekin lotuko du tranbia, eta BEAtik gertu egongo den geraleku bat izango du, Kiroldegia.

2) Interkonexioaren eraginpeko eremu berria sortzea eta integratzea, hezkuntza, jolas eta gizarte izaera duten zentroak eta ekipamendu bereziak elkarren artean lotuz.

Linea berriari esker, interes bereziko ekipamenduak eta eraikin publikoak elkarren artean lotu ahal izango dira, ibilbidean zehar sakabanatuta dauden Abiadura handiko geralekua, EHUko campusa, hainbat ikastetxe, Udaletxeko eraikin berria edo epaitegiak, besteak beste. Gainera, trenbidea lurperatzeak libre utzitako igarobide berriaren elementu egituratzailea izango da tranbia.

Trazatua eta aurrekontua

Proposatutako trazatua Green Capitaleko geralekuan hasiko da. Bidaiariek Floridako eta Angulemako geralekuetan hartu ahal izango dute beste linea batzuetako tranbia unitatea. Ondoren Green Capital Plaza zeharkatuko du, José Erbina kalean ekialderantz biratu eta trenbidearen lurperatzeak libre utzitako azaleratik zirkulatzen hasiko da, bi geralekurekin, bata AHTaren geralekuan eta bestea Senda pasealekuaren parean, Gaztelako Ateko biribilgunera iritsi arte.

Gaztelako Atea gainditzeko, azterlanak bi aukera planteatzen ditu: 1. aukerak biribilgunea gurutzatzen du, iparraldetik, gainazaletik, Teodoro Dublang Margolaria kaletik Udaletxeraino joateko, eta bertan geraleku bat egongo da; 2. aukerak, berriz, ez du eraginik izango biribilguneko zirkulazioan, bertan dagoen zubitik igarotzen da, eta alde horretatik jarraitzen du Teodoro Dublang Margolaria kalera iritsi arte. Bi alternatibek bat egiten dute kale horretan bertan dagoen Kiroldegiko geralekuan.

Trazatuak Nazio Batuen Etorbidetik jarraitzen du, Zabalgana Etorbideko biribilguneraino, eta bertan linea bi adarretan banatzen da.

Alde batetik, Mariturriko adarrak hegoalderantz biratzen du Zabalganako Etorbideko erdibitzailetik, eta bertan dago Zabalganako geralekua. Ondoren, trazatuak ekialderantz egiten du, geraleku bat dagoen Giza Eskubideen Etorbiderantz, eta hegoalderantz egiten duen biraraino jarraitzen du, Iruña Veleia Etorbidean. Azken leku horretan beste geraleku bat dago. Azkenik, Iruña Veleiatik ekialderantz egiten du, Sofia Erregina Etorbidera, adarreko azken geralekua, Mariturri, dagoen tokira.

Bestalde, Jundizko adarrak zuzen jarraitzen du Nazio Batuen Etorbidetik, Zabalganako Etorbidearen eta Nazio Batuen Etorbidearen arteko biribilgunetik. Zabalgana HLHI ikastetxearen aurrean geraleku bat du, eta beste bat kalearen amaieran, Jundizen.

1.alternatibaren oinarrizko aurrekontua 119,9 milioi eurokoa da; 2. alternatibak, berriz, 120,3 milioi euroko kostua izango luke. Bi zenbateko horietatik, 61,1 milioi euro 14 tranbia unitate, txartelak saltzeko makinak eta baliogabetzeko makinak erostera zuzenduko dira.

Hainbat fase

Tranbiaren linearen luzapena bi fasetan gauzatuko da: 1. fasea Green Capital-Mariturri tarteari dagokio, 4.800 metro inguruko luzerarekin, eta 2. fasean Jundizko adarra egingo da, 1.200 metro ingurukoa.

Fase biek Green Capitaletik Zabalgana Etorbideraino doan 2.600 metro inguruko tarte komuna hartuko dute. Nazio Batuen Etorbidearen eta Zabalganako Etorbidearen arteko biribilgunean bi adar banatuko dira, bata 1.200 metro ingurukoa, Jundizeraino, eta bestea 2.200 metrokoa, Mariturriraino.

Lehen faseak 30 hilabeteko oinarrizko egikaritze epea izango du, eta bigarren fasea, berriz, 9 hilabetetan egin ahal izango da, aurreikuspenak betetzen badira.

Geralekuak

Tranbiaren Zabalganarako luzapenak 11 geraleku izango ditu, horietatik 5 tarte komunean, 4 Mariturriko adarrean eta 2 Jundizko adarrean. Geralekuen arteko batez besteko distantzia 584 metrokoa izango da.

Proiektatutako geralekuen tipologia, zerbitzu egokia emateaz gain, geralekua dagoen hiri-ingurunean erabat integratuko dena izango da.

Nasen luzera 50 metrokoa izango da (arrapalak barne), horrela, unitate estra-luze berrien ate guztietarako irisgarritasuna emateko.

Horrez gain, nasen altuera 25 cm-koa izango da. Eta nasen ertzetan, oinetarako 40 cm-ko zabalerako banda ukigarria aurreikusten da.

Alboetako nasek gutxieneko 3,50 m-ko zabalera izango dute, eta erdiko nasek 5,00 m-ko zabalera tipoa.

Nasara zuzenean sartuko da kaletik, edo, kalearen eta nasaren arteko kotan aldea egonez gero, maila aldaketa hori gaindituko duten eta muturretan egongo diren arrapalen bitartez. Arrapala horiek, gehienez, %6ko malda izango dute kasu guztietan, eta 2,50 m-tik gorako zabalera, mugikortasun urriko pertsonen sarbidea bermatzeko.