Bilbok ‘genero-indarkeriaren 360º-ko arretaren ikaskuntzak eta erronkak’ jardunaldia hartuko du asteazken honetan

0

Asteazken honetan, martxoak 11, Bilbon egingo den jardunaldian, indarkeria-egoerei aurre egiten dieten emakumeen kudeaketan eta arretan adituak diren pertsonak bilduko dira. Agintzari kooperatibak antolatutako jardunaldia da. Kooperatiba horrek EAEko Genero Indarkeriaren Biktimentzako Telefono bidezko Arreta Zerbitzua (SATEVI) kudeatzen du, eta 30.000 emakume baino gehiago artatu ditu 2006an zerbitzua abian jarri zenetik.

Hain zuzen ere, SATEVIko talde profesionalari ematen zaion laguntza indartzeko, jardunaldian (Agintzariren egoitzan egingo da) Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua izango da. Gainera, hainbat arlotako ordezkariak biltzeko, besteak beste: Ertzaintzakoak, osasun-arretako zerbitzuetakoak edo gizarte- eta enplegu-zerbitzuetakoak.

‘Genero-indarkeriaren 360º-ko arretaren ikaskuntzak eta erronkak’ izenburupean, jardunaldia 900 840 111 telefonoan arreta ematen duten profesionalek hasiko dute, eta ia 15 urtez izandako esperientzian ikasitakoari buruz arituko dira.

Jarraian, Isabel Abella Familia Zuzenbidean eta Berdintasunerako Eskubidean espezializatutako abokatuak eta June Fernández kazetari eta idazleak beren ikuspegiak partekatuko dituzte abokatutzatik emakumeen aurkako indarkeriaren arloan identifikatzen diren erronka berrien eta, indarkeria horien estalduratik abiatuta gizartea eraldatzeko helburuarekin, komunikabideek bete dezaketen zereginaren inguruan.

World Café metodologian oinarritutako lan-dinamika bat da, eta berrogeita hamar bat adituk parte hartuko dute bertan —beren egunerokoan genero-indarkeriaren kudeaketan lan egiten duten lanbideetatik datoz—. Dinamika horri esker, bakoitzaren esparruko hobekuntza-arloetan sakonduko da, problematikari ikuspegi orokor batetik aurre egiteko azken helburuarekin.

24 ordu, 365 egun urtean

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailak 2006an abian jarri zuenetik, 56.000 dei baino gehiago jaso ditu SATEVIk ematen duen zerbitzuak, eta 30.000 emakume baino gehiago artatu ditu. Telefonoari psikologoek, gizarte-langileek eta hezitzaileek erantzuten diote, honako hauek osatutako lantaldean: berdintasuneko eta gizarte-zerbitzuetako teknikariek, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak gizarteratzeko eta laneratzeko Lanbideko tutoreek eta DSBEko profesionalek.

Urtean 365 eguneko eta 24 orduko arretaren bidez, SATEVIk emakumeen aurkako indarkeriaren edozein adierazpenen biktima diren emakumeei ematen die arreta, eta aholkularitza eta informazioa ere ematen die profesionalei, senideei eta hurbilekoei. Arreta —berehalakoa, anonimoa eta fakturan arrastorik gabea— 51 hizkuntzatan ematen da, eta entzumen-urritasuna duten pertsonak artatzeko ere prestatuta dago.