Gaixotasun kronikoak zituen 90 urteko gizon bat hil da koronabirusarekin

0
Fotografía: EITB.

Osasun Sailak gaur jakin du 90 urteko gizon bat hil dela Araban. Gizonak gaixotasun kronikoak zituen, eta Txagorritxuko Ospitalean zegoen, isolatuta, positibo eman zuelako koronabirusean, orain arte jakinarazi den bezala.

Euskadik COVID 19 birusaren 25 kasu berri antzeman ditu azken orduetan, honela banatuta: 20 gehiago Araban eta 5 gehiago Bizkaian.

DATU EGUNERATUAK

Araban, 20 positibo gehiago izan dira, beraz, 53 dira dagoeneko koronabirusa duten pertsonak. Horietatik 18 ospitalean daude. Gaur jakinarazi da hildako bat izan dela lurralde horretan.

Gipuzkoan, egoera berdin jarraitzen du, eta 2 kasu positibo mantendu dira, horietako bat ospitaleratuta.

Bizkaian, 5 kasu berri gehitu dira, beraz, guztira 15 kasu positibo daude. Lurralde horretan 9 pertsona daude ospitaleratuta, horietako bat ZIUn.

Horrela, Euskadik 70 koronabirus kasu positibo atzeman ditu guztira, horietatik 28 ospitalean daude, 4 ZIUn.

 

JARRAIPEN EPIDEMIOLOGIKOA

Osasun Saila eta Osakidetza hasiera-hasieratik ari dira koronabirusean positibo gisa diagnostikatutako pertsonen gertuko kontaktuen jarraipena egiten.

Jatorria hobeto zehaztu ahal izateko, identifikatutako foku bakoitzaren kurba epidemikoak aztertzen ari dira Jaurlaritzako epidemiologiako adituak.

Hala, kasuen gorakada egon arren, bereziki Araban, epidemiologiako taldeek lanean jarraitzen dute euste-fase horretan, birusa zabal ez dadin.

Nekane Murga sailburuak Arabako Osasun Publikoko ordezkaritza bisitatu du gaur goizean, lurralde horretako egoera bertatik bertara ezagutzeko. Ondoren, Donostiako egoitza ere bisitatu du, Bizkaiko egoitzarekin batera, Arabako lankideei laguntza eskaintzen ari dena.

AHOLKU-SANITARIOAK JASOTAKO DEIAK

Osakidetzako Aholku-Sanitarioa da balizko susmoen deiak jasotzen ari den erakundea. Sailburuak eskerrak eman dizkie bertako profesionaleei, egiten ari diren lanagatik; izan ere, 10 egunetan 2.100 dei baino gehiago jaso dituzte koronabirusaren inguruan. Ildo horretan, sailburuak dei egin die herritarrei zerbitzu horretara egindako deiak asistentzia-beharren aurrean soilik izan daitezen. Coronavirusari buruzko zalantzak argitzeko, informazioa Osakidetzaren eta Osasun Sailaren webgunean dagoela adierazi du.