Udalak GetxoAktibaTU programaren zazpigarren edizioa jarri du abian, esperientziak, ezagutza, kirola, artea, kultura, elikadura … trukatzeko doako auzo-sarea, non Getxoko herritar, profesional, saltoki eta elkarte guztiek parte har dezaketen.
Edizio honetan, jarduera bakoitzean komunikazio-inpaktu handiagoa lortu nahi da, eta sarea osatzen duten eragileak ikusgarriago egin nahi dira, ekintza bakoitzaren inpaktua zabaltzen eta biderkatzen duten komunikazio digitaleko mekanismo eta tresna espezifikoen bidez. Horretarako Getxoko influencer-ak izango dira, sareko eragileen jarduerak biralizatzeko ekintzak aktibatuko dira, bi prestakuntza-tailer diseinatuko dira eta GetxoAktibaTUri atxikitako agente edo pertsona bakoitzarentzat identifikazio-intsigniak sortuko dira.
Hitzaldia
Proposamena zertan datzan zehatzago azaltzeko, datorren astelehenean, martxoak 16, 14:00etan, informazio-bilera izango da Getxo Elkartegian (Ogoño 1, Areeta). Beharrezkoa da bertaratzea baieztatzea getxoaktibatu@getxo.eus helbide elektronikoan. Programaren izaera kontuan hartuta, saio hau zerbitzu-enpresei, saltokiei, udalerriko ostalaritzari edo profesionalei, elkarte-ehunari eta herritarrei irekita dago.
GetxoAktibaTU programak, dagoeneko 150 establezimendu baino gehiago atxikita dituenak, helburu bikoitza betetzen du; alde batetik, udalerriko merkataritza-ardatzak eta negozio-jarduerak dinamizatzea; eta, bestetik, talentua ikusaraztea, proposamenak partekatzeko tokiko sare baten bidez, doan eta formatu anitzean: hitzaldiak, tailerrak, erakusketak edo erakustaldiak, besteak beste.