Eusko Jaurlaritzak EAE-n egoera epidemikoa geldiarazteko neurriak indartu ditu

0

Osasun Saila, Covid 19-ko epidemia hasi zenetik, haren bilakaeraren jarraipena egitean, datuetan eta nazioarteko komunitate zientifikoaren gomendioetan oinarritu da. Nazio Batuen eta OMEren gomendioei eta irizpideei jarraituz, Eusko Jaurlaritzak prebentzio-neurriak indartu ditu Euskadin egoera epidemikoa geldiarazteko. Horrez gain, euskal gizarteari erantzunkidetasuna eta elkartasuna eskatu dizkio, gomendioak bete ditzan.

DATU EGUNERATUAK

Martxoaren 9ko eguneratzea Kasu positibo berriak Pertsona ospitalizatuak Hildako pertsonak Kasu positiboak GUZTIRA
ARABA 43 34 3 122
BIZKAIA 1 11 2 21
GIPUZKOA 2 2 1 5
EAE GUZTIRA 46 47 6 148

 

Hala, atzo baino 46 kasu gehiago detektatu dira gaur EAEn. Guztira, koronabiruseko 144 kasu positibo erregistratu dira. Horietatik 47 ospitalizatuta daude, eta 6 pertsona hil dira, atzo baino bat gehiago. Azken heriotza Gipuzkoan izan da, eta 69 urte zituen emakumea da, aurretiaz gaixotasun gehiago zituena.

BIRUSA GELDIARAZTEKO NEURRIAK INDARTZEA

Epidemiologiako eta Osasun Publikoko adituen gomendioei jarraituz, eta Araban kasuek gora egin dutela kontuan hartuta, gaur bertan Eusko Jaurlaritzak epidemiaren hedapena geldiarazteko neurriak indartu egin ditu. Dagoeneko, neurri hauek hartu ditu:

Hezkuntza-esparrua

  • Gaurtik aurrera, Arabako Bastida udalerriko bi ikastetxeek ez dute aurrez aurreko jarduerarik izango haurrentzat. Jaurlaritza harremanetan dago igandetik ikastetxeko zuzendaritzarekin, eta berori arduratu da gurasoei neurri horren berri emateaz. Neurri hori, 14 egunekoa izango da gutxienez, eta ikastetxearen eskolaz kanpoko jardueretara ere zabaltzen da.

Neurri horren helburua da ikastetxeko eskola-komunitatearen barruan birusari eusten laguntzea, eta komunitate horretako kideen etxeetara ez zabaltzea.

Osasun Sailak eremu horretan jarri du arreta, Errioxako Haroko fokutik hurbil dagoelako. Bi gobernuak harremanetan daude eta haien ekintza koordinatuta dago.

Bestalde, Osasun Sailak gaur goizean bertan gomendatu du jarduera bertan behera uztea kasu positiboak detektatu diren ikastetxeetan. Prebentzio-neurri bat da, ikasleen artean birusa geldiarazteko.

Esparru sanitarioa eta soziosanitarioa

  • Gasteizen ez da baimenduko laguntzaileak ospitaleko larrialdietara sartzea, eta neurri hori bera gomendatzen da zentro soziosanitarioetarako.
  • Gasteizeko larrialdietan, arnasketa prozesu akutuak dituzten pazienteen artean, osasuneko profesional guztiek maskarak eta eskularruak erabil ditzaten ezarri da.