Eusko Jaurlaritzak Gasteizko ikastetxeetako jarduera etetea gomendatu du, koronabirusen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurri gisa

0

Osasun Sailak erantzukizun indibidual eta kolektiborako deia egiten du, eta gomendioei jarraitzeko beharra azpimarratzen du, hauen artean, Euskadi osoan ikastetxeetara joaten diren umeei tenperatura hartzea

Eusko Jaurlaritzak Gasteizko ikastetxe guztien eskola-jarduera hamalau egunez aldi baterako etetea gomendatu du, koronabirusaren hedapena geldiarazteko funtsezko prebentzio-neurri gisa. Gomendio hori ikastetxeetako zuzendaritzei helarazi zaie gaur eguerdian egindako bilera batean, eta haurtzaindegiak, ikastetxeak, Lanbide Heziketako zentroak eta unibertsitateak barne hartzen ditu, eta eskolaz kanpoko jarduerara ere hedatzen da.

Hala jakinarazi dute gaur arratsaldean Nekane Murga eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailburuek, Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen sailen arteko mahaiaren bileraren osteko agerraldi bateratuan.

Neurri hori, gaur goizean iragarritakoei eta, batez ere, osasun-arloan hartu direnei gehitu behar zaie, Gasteizen kasuak ugaritu egin direlako, eta adituek hala eskatu dutelako; izan ere, erabakigarritzat jotzen da osasun publikoaren ikuspegitik, eskola-komunitatearen artean birusari eusten laguntzeko eta etxeetara zabaltzea saihesteko

BIRUSA GELDIARAZTEKO INDARTZE-NEURRIAK

Gaur arratsaldean jakitera eman diren neurri berriez gain, Eusko Jaurlaritzak goizean iragarri du, betiere Osasun Publikoko epidemiologiako adituen jarraibideak kontuan hartuta, epidemia geldiarazteko beste indartze-neurri batzuk hartuko dituela. Beraz, honako hauek dira orain arte hartutako neurriak:

Hezkuntza-eremua

  • Gasteizko ikastetxeetan eskola-jarduera etetea 14 egunez: haur-eskolak, ikastetxeak, lanbide-heziketako zentroak, unibertsitate-zentroak eta eskolaz kanpoko jarduera.
  • Arabako Bastida udalerriko ikastetxeen jarduera etetea, gaurtik hasita eta datozen 14 egunetan.

Kultur arloa

  • Gasteizen, 5.000 ikusletik gorako edukiera duten jarduerak banan-banan aztertuko dira, baia kirol-jardueren kasuan.
  • Gasteizen, 500 lagunetik gorako edukiera duten ekitaldi itxietara joaten direnen arteko distantzia gutxienez metro batera murrizteko gomendioa, bai eta horien sarrerako eta txarteldegietako aglomerazioak mugatzeko neurriak aplikatzea ere.

Eremu sanitarioa eta soziosanitarioa

  • Gasteizko ospitaleetako Larrialdietara doazen laguntzaileen sarbidea murriztea eta neurri hori bera gomendatzea, zentro soziosanitarioetan.
  • Gasteizko osasun-zentroetako larrialdietan, arnasketa-prozesu akutuak dituzten pazienteei arreta emateko, oro har, osasun-profesionalek maskarak eta eskularruak erabiliko dituzte.
  • Euskadi osoan, zentro soziosanitarioetan dauden adinekoei bisitak murriztea gomendatzen da, bizitzaren amaieran gutxieneko laguntza eta zaintza izateko eskubidea zainduz.

Biztanle guztientzako gomendioak

Osasun Sailak birusaren hedapena geldiarazteko gomendioei jarraitu behar zaiela azpimarratzen du berriz ere. Gomendio horiei gehitu die, Euskadi osorako komenigarria dela haurrei tenperatura hartzea ikastetxeetara joan aurretik (37 gradu baino gehiago badituzte eta arnas sintomak badituzte, etxean egon beharko dute), bai eta zentro soziosanitarioetara egindako bisitei ere.

Era berean, erantzukizun indibidual eta kolektiborako deia egiten du, honako gomendio hauek jarrai ditzaten:

  1. Arrisku-eremu batera bidaiatu eta sintomak izanez gero, etxean egon behar da, eta Osakidetzako Osasun Kontseiluarekin harremanetan jarri telefonora honetan: 900 20 30 50.
  2. Higiene-neurriak hartzea, hala nola eskuak garbitzea, eztul egitean estaltzea edo erabili eta botatzeko zapiak erabiltzea, gainazalak garbitzeaz gainera.
  3. Komeni da sintomak (sukarra, arnas sintomak) dituzten pertsonek adinekoekin edo gaixotasun kronikoak dituztenekin kontaktuan ez egotea, edo leku publiko eta jendetsuetara ez joatea.

HERRITARRENTZAT INFORMAZIOA

Herritarrek zalantzak argitzeko erantzunak eta gomendioak aurkituko dituzte Sailaren eta Osakidetzaren webgunean. http://www.euskadi.eus/covid-19-koronabirus-berria/

DATU EGUNERATUAK

Goizean informatu den moduan, gaur atzo baino 46 kasu gehiago detektatu dira EAEn. Guztira, koronabiruseko 148 kasu positibo erregistratu dira. Horietatik 47 ospitalizatuta daude, eta 6 pertsona hil dira, atzo baino bat gehiago. Azken heriotza Gipuzkoan izan da, eta 69 urte zituen emakumea da, aurretiaz gaixotasun gehiago zituena.

Martxoaren 9ko eguneratzea Kasu positibo berriak Pertsona ospitalizatuak Hildako pertsonak Kasu positiboak GUZTIRA
ARABA 43 34 3 122
BIZKAIA 1 11 2 21
GIPUZKOA 2 2 1 5
EAE GUZTIRA 46 47 6 148