‘Harrera – Acogida’ erakusketa ireki da Gasteizen Jaurlaritzaren babespean

0

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailburuordeak Gasteizen ireki den ‘Harrera – Acogida’ erakusketa babestu du. Desgaitasun psikiko edo intelektuala duten artisten lan kolektiboa da, eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak lagundutako proiektu berezi batean kokatutako oztoporik gabeko sormen-lantegi batean garatu da.

Erakusketa martxoaren 28ra arte egongo da ikusgai Gasteizko Posta kaleko Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan. Amilibiarekin batera, Asier Urresti Vital Fundazioko zuzendari exekutiboak eta Ana Urgoiti ‘BilbaoformArte’ irabazi asmorik gabeko kooperatibaren arduradunak hartu dute parte irekiera-ekitaldian.

Sailburuordeak desgaitasunen bat duten hogei bat artistari zuzendu zaie bereziki. Horiek Europan eta Euskal Autonomia Erkidegoan migratzaileei eta errefuxiatuei egiten zaien harrerari buruzko gogoetan parte hartu dute. “Uste dut zuen lanek —esan du Lide Amilibiak— edozein hitzaldik baino hobeto azaltzen dutela ‘jaso nahi genukeena eskaintzearen’ funtsezko kontzeptu hori. Zuen lanek oztopoak hausten laguntzen digute, eta, batez ere, estereotipo faltsuetatik sortutako oztopo mentalak gainditzen”.

Sailburuordearen iritzian, ekimen honek islatu egiten du hirugarren sektoreko erakundeek, gizarte-kolektiboek, talde politikoek eta instituzioek berriki sinatutako Migraziorako Euskal Itun Sozialaren espiritua.

Amilibiak, hitzaldiaren amaieran, “desgaitasuna duzuen eta ‘BilbaoformArte’ kooperatibaren bidez sortzen duzuen pertsona guztiak zoriondu” ditu. Sailburuordeak aitortu duenez, “Oso barrura eta bihotzeraino iritsi zaigu zuen ekimena. Itxuraz ezustekoak diren zuen gaitasunek hunkitu gaituzte. Beti hor izan dituzue, eta ez dugu horiek ikusten jakin. Harritu egin gaitu beste kolektibo kaltebera batzuekiko duzuen enpatiak. Horregatik guztiagatik, gure aitortza eta babesa merezi duzue”.