Kataluniako arkitektura bulego batek irabazi du Zorrotzaurreko 60 zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko lehiaketa

0

Fabregat&Fabregat Kataluniako arkitektura bulegoaren ‘Amura con Aleta’ izeneko proiektuak irabazi du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak orain dela hil batzuk abiatu zuen lehiaketa. Bere xedea zen proposamen berezi bat bilatzea Zorrotzaurreko 60 zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko eta Bilboko Udaleko ordezkari bina, Rocío Peña eta Juan Carlos Sinde arkitektoak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko ordezkari bat biltzen zituen epai-mahaiak arkitektura-proposamen honen kalitatea nabarmendu du gehienbat, izaera lineala eta bolumetria baxua duten bi blokeko planteamendu baten bitartez etxebizitzen eta beren gertuko ingurunearen arteko harremana ebazteko gai izan baita, harreman egokia lortuz Morgan kalearen eta Itsasadarraren pasealekuaren artean. Eta azpimarratu duenez ere, “proposamen iragazkorra da tipologikoki, orientazio bikoitzeko eta egokiro ebatzitako etxebizitzekin. Hauek, beren kokapen pribilegiatuaz baliatu eta aireztatze gurutzatua ahalbidetzen dute funtzionamendu ona bermatuz eraikuntza-diseinuan eta eraikuntzarako materialak aukeratzerakoan”.

Irabazle suertatu den bulegoak ibilbidea sendoa agertzen du babes ofizialeko etxebizitzak zein etxebizitza askeak proiektatzen eta diseinatzen. 17.639 euroko saria jasoko du eta proiektuaren idazketa eta eraikinaren obra-zuzendaritza bere esku hartzeko aukera izango du ere (horrela eginez gero, saria ordaindu beharreko kopuruetatik kenduko da). Proiektua idazteko lanak hil bateko epean has litezke ziurrenik eta obrak 2021eko hasieran esleitu nahi dira, obren gauzatzearekin urte horretan bertan hasi ahal izateko.

Zuzkidura-bizitokiak Bilboko Udalak laga duen 5.816,89 m2-ko lurzati batean eraikiko dira. Lurzatia itsasadarren mugakidea da. Proiektuak, halaber, ingurumen-arloko iraunkortasuneko eta energia aurrezteko irizpideak jarraitu ditu eta A energia-kalifikazioa lortu du berriztagarria ez den energia-kontsumoari zein CO2-ko isurketei dagokienez.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrain pozik agertu da izandako erantzun zabalaren aurrean -35 proposamen aurkeztu ziren- zein kontratazio-prozedura honen bitartez, etxebizitzaren arloan ohikoa ez dena, lortu den emaitza ona ikusita. “Kokapen bereziek -gaineratu du- ahalik eta arkitekturarik onena ahalbidetuko duten prozedura bereziak merezi dituzte, baita etxebizitza publikoarentzat edo, kasu honetan bezala, zuzkidura-bizitokientzat direnak ere; obra publiko guztietan bermatu beharreko euspena eta ekonomia ahaztu gabe, noski”. Bilboko Udalak prozesu osoan zehar eskaini duen laguntza eta prestutasuna eskertu nahi izan ditu ere eta ateak ireki dizkio -normalean ez bezalaxe- azken eraikinaren diseinua hirigintza-planeamenduaren mende ez duten promozioetan lehiaketa-formula hau aplikatzeko aukerari.

Zuzkidura-bizitokiak.

Gazteenen emantzipazioa lortze aldera Etxebizitza Sailak egin dituen apustu nagusienetako bat dira zuzkidura-bizitokiak. Aldi baterako etxebizitza-konponbide bezala pentsatuta daude, egoiliarrak bost urtez egon baitaitezke, gehienez, bizitokietan. Beren ezaugarriak, horrenbestez, ezin hobeak dira gazteenen etxebizitza-beharrak asetzeko gehienbat. Zorrotzaurreko 60 zuzkidura-bizitokiak, hain zuzen ere, beren errenta-gaitasuna baxuarengatik ohiko etxebizitza-merkatura sartzeko aukerarik ez duten 35 urtetik beherako pertsonentzat izango dira eta Bilbon erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute.

Housing Europe plataformak Europako 50 konponbide berritzaileenen artean sartu du etxebizitza mota hau. Sailak esleituriko 459 zuzkidura-bizitoki ditu egun eta garapen-fase ezberdinetan (azterlan, proiektu eta obra) dauden 1.200 bizitoki baino gehiago sustatzen ari da.