Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak 5,2 milioi euro bideratuko ditu ekitaldi honetan, berrikuntza eta inbertsio aurreratua sustatzeko 2i programaren bidez berritzeari ekiten dioten lurraldeko enpresei laguntzeko. Dekretuan ezartzen da proiektuko 100.000 euroko dirulaguntza emango dela gehienez, eta 6.000 euro gutxienez. Konpainiaren edozein arlotan egiten diren berrikuntza teknologikoko eta ez-teknologikoko proiektuen bidez, enpresen lehiakortasuna hobetzeko egiten diren jarduketetarako dira dirulaguntzak.
Eskabideak aurkezteko epea martxoaren 30ean zabalduko da, eta Bizkaiko enpresa txiki eta ertainek aurkez dezakete, betiere gutxienez 5 langile eta gehienez 100 badituzte, eta enpresaren jarduera nagusia sektore hauetako batekoa bada: industria, eraikuntza, garraioak, industriari lotutako zerbitzuak, turismoa eta handizkako merkataritza.
2019an, aurkeztutako 234 eskabideetatik 157ri eman zitzaien laguntza. Guztira, 154 enpresa lagundu ziren, 4.849.550 euroko inbertsioarekin, eta, hala, 43 milioi euro mugitu ziren berrikuntza-proiektuetan. 2i programaren onurak eskuratu ahal dituzten enpresen profila era askotakoa da. Batez beste 30 langile dituzte, eta, sektoreka, manufaktura-industrian, jarduera zientifiko eta teknikoetan, eta informazio eta komunikazioan lan egiten duten enpresa txiki eta ertainak nabarmentzen dira.
Zabalik dauden deialdiak
Gaur egun, oraindik zabalik daude enpresa berritzaileak sortzeko programako laguntzak eskatzeko epea (martxoaren 12ra arte) eta Ekintzailetza eta Gizarte Berrikuntza programakoa laguntzak eskatzeko epea (apirilaren 23ra arte). Horrez gainera, martxoan deialdi berriak aterako dira: nazioartekotzeari buruzko programa (martxoaren 20an) eta elkarlanean programa (martxoaren 30ean).
Ekonomia Sustatzeko Sailak aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen die berritu eta lehiakortasunerako jauzia egin nahi duten enpresa eta pertsona berritzaile guztiei. Sailaren eta Beazen bulegoetan ematen den zerbitzuaz gainera, www.123innovacion.eus web-orrian laguntzen eta dirulaguntzen dekretuei buruzko informazioa eskatu ahal da, eta kontsultak egin daitezke.