Gobernuak Leizaola sarien deialdia berria egin du euskal autonomiaren berezitasunarekin zerikusia duten lanetarako

0

Gobernu Kontseiluak, gaur, “Jesús María Leizaola 2020” sariaren deialdia onetsi du, honako hauetarako: “euskal autonomiarekin zerikusia izanik edo horren azterketarako eta sakontzerako balio izanik, hainbat aztertze eta ikerketa ikuspuntutatik egindako monografia izaera duten ikerlanetarako”.  Saria Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) ematen du.

Deialdia banakoei eta horretarako eratutako lantaldeei zuzentzen zaie. Sarirako monografia-izaera duten argitaratu gabeko ikerlanak aurkeztu ahalko dira, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitakoak, honako esparru hauek jorratzen dituztenek: “autonomietako estatuaren konfigurazioa eta Euskal Autonomia Erkidegoa; Euskal Autonomia Erkidegoko eraketa, errealitatea eta etorkizuna; beraren gobernu-erakundeak, maila politiko-administratibo guztietan; historia, kultura, bibliografia, zuzenbide, ekonomia, finantza, aurrekontu, fiskalitate, gizarte, estatistika eta beste arloen inguruko berariazko berezitasunak; eta euskal administrazioetako diseinu, antolaketa, funtzionamendu eta etorkizuna”.

Era berean, autonomia-estatutua indarrean jarri zenetik hainbat hamarkada iragan ondoren, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hausnarketa egiteko gonbita egiten die interesdunei, erakunde horien “finkatzeaz eta garapenaz, eta baita, etorkizuna eraikitzen lagunduko duten eredu, parametro eta proposamenen ekarpen eta aurreratzeari buruz ere”.

Sarirako aurkezten diren lanak deialdia EHAAn argitaratzen denetik aurrera aurkeztu beharko dira,  2020ko maiatzaren 18ra arte, www.ivap.euskadi.eus webgunearen bidez. Eskabideak, ikerlanarekin batera, izapidetze elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira.

Sariak ikerlan zientifiko onenei emango zaizkie, eta 30.000 eurokoa izango da:

  • 20.000 euro lehen sarirako
  • 10.000 accesit baterako

“JESÚS MARÍA LEIZAOLA” SARIA 

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) saria 1990ean sortu zuen, Jesús María Leizaolaren izenarekin, euskal autonomiaren adierazgarri ospetsu eta esanguratsuenetakoaren oroimenez, euskal sistema autonomikoaren lege- eta ekonomia-bereizgarriei buruzko azterlanak sustatu eta zabaltzeko, institutuaren beraren eginkizunetako bat dela aintzat hartuta.

Harrezkero, erakunde horrek sariaren deialdia egiten du, beren azterlanak, askatasun osoz, euskal autonomiarekin zerikusia duten gaien inguruko azterlanak egiten dituzten edo euskal autonomiaren azterlanean eta sakontzean eragin dezaketen ikertzaileen ahalegina sustatu eta zabaltzeko helburua aldian behin berritzeko.