Hauteskunde Batzordeek atzo, astelehena, aldarrikatu zituzten hiru Lurralde Historikoetako bakoitzean Eusko Legebiltzarrerako datozen hauteskundeetan parte hartuko duten hautagai-zerrendak. Guztira 17 alderdi politiko aldarrikatu dituzte, horietako hamabi hiru Lurralde Historikoetan aurkeztu dira, lau hautesbarruti bakarrean eta beste bat bitan. Aldarrikatutako hautagai-zerrendak gaur argitaratu dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Apirilaren 5eko hauteskunde autonomikoetara aurkeztu diren hautagai-zerrendek aurkeztutako dokumentazio osoa aztertu ondoren, hiru Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeek atzo, astelehena, aldarrikatu zituzten Eusko Legebiltzarrerako datozen hauteskundeetan parte hartuko duten hautagai-zerrendak.
Hamabi dira Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Lurralde Historikoetan hautagai-zerrendak aurkeztu dituzten alderdi politikoak: Euzko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vasco, Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSOE), Alderdi Animalista, Euskal Herri Bildu (EH Bildu), Aulki Zuriak, Equo Berdeak, Vox (Vox), Bidezko Mundurantz-Por un Mundo más Justo (PUM+J); PP+Cs (PP+Cs), Elkarrekin Podemos, Recortes Cero Los Verdes Solidaria (Recortes cero LV-Gv S) eta Libres por Euskadi.
Horiez gain, beste lau dira hautagai-zerrendak Lurralde Historiko bakarrean aurkeztu dituzten alderdiak: Ongi Etorri (Araba), Alderdi Humanista (Bizkaia), Unión Cristiano Demócrata Española (UCDE) (Gipuzkoa) eta Euskadiko Langileen Alderdi Komunista (PCTE). Liga Foralista, aldiz, Arabako eta Bizkaiko hautesbarrutietan aurkeztu da.
Hautagai-zerrendak EHAAn argitaratu ondoren, aldarrikapenaren aurkako errekurtsoa aurkezteko epea zabaldu da. Zehazki, inpugnazioak martxoaren 11n eta 12an aurkeztu beharko dira eta epaitegiek martxoaren 14rako eman beharko dute euren erabakia. Inpugnatutako hautagai-zerrendek erabakia Konstituzio Auzitegiaren babes-errekurtsopean jarri ahal izango dute, eta horri buruzko erabakia hauteskunde-kanpaina hasi aurretik, (martxoaren 19) eman beharko luke.