Beatriz Artolazabal: “Etorkizuneko Berdintasunerako Euskal Lege berriak indarkeria matxistaren biktimentzako babesa areagotuko du”

0
PRUEBA

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean esan duenez, datorren legegintzaldiaren hasieran Eusko Legebiltzarrean onartuko den Berdintasunerako Euskal Legea aurrerapauso handia izango da emakumeenganakoberdintasunaren arloan, eta indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko tresnak areagotuko ditu.

Emakundek bultzatutako Berdintasunerako Euskal Legea joan den urtarrilaren 20an onartu zen Gobernu Kontseiluan. Hala ere, datorren apirilaren 5erako hauteskundeetarako deialdia dela-eta, Eusko Legebiltzarrean tramitatu gabe dago. Nolanahi ere, ez da hutsetik abiatuko. Aldiz, hurrengo gobernuak berretsiz gero, proiektuak bere prozedura berriro hasiko luke Legebiltzarrean une prozesal berean.

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida ere jardunaldian izan da. Bertan, Artolazabal sailburuak nabarmendu eta eskertu egin du duela hamabost urtetik hona SATEVIko talde profesionalak egunero egiten duen lana. Etxeko indarkeriaren edo sexu-erasoen biktima izan diren emakumeentzako informazio- eta arreta-zerbitzua da SATEVI. Jardunaldian, indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko lanean diharduten Ertzaintzako, Lanbideko eta Eusko Jaurlaritzako langileek parte hartu dute.

“Indarkeria da desberdinkeria horren adierazpenik muturrekoena, eta 900 840 111 telefonoak jotzen duen bakoitzean ulertu behar dugu denok gaudela inplikatuta dei horren arreta integral, enpatiko eta osoan. Gaurko jardunaldian, ikaskuntza, ikuspegi eta erronka horiek partekatu ditugu. Ziur nago jaso ditugun ekarpenek erantzun-ahalmena hobetzen jarraitzeko balioko dutela, ez bakarrik SATEVIren aldetik, baita eragile guztien eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzak dituen tresnen aldetik ere”, adierazi du Artolazabal sailburuak.

Era berean, Izaskun Landaidak nabarmendu duenez, emakumeen aurkako indarkeriaren egiturazko, munduko eta dimentsio anitzeko arazoaren aurrean, beharrezkoa da esparru guztietatik eta modu koordinatuan lan egitea.  

“Koordinazioa eta baterako lana ezinbestekoak dira.Horregatik, Eusko Jaurlaritzak bere sailen artean eta, baita ere, beste erakunde batzuekin batera egiten duen lana baliarazi behar da”, adierazi du Emakundeko zuzendariak.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailak 2006an abian jarri zuenetik, 56.000 dei baino gehiago jaso ditu SATEVIkematen duen zerbitzuak, eta 30.000 emakume baino gehiago artatu ditu. Telefonoari psikologoek, gizarte-langileek eta hezitzaileek erantzuten diote, honako hauek osatutako lantaldean: berdintasuneko eta gizarte-zerbitzuetako teknikariek, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak gizarteratzeko eta laneratzeko Lanbideko tutoreek eta DSBEko profesionalek.

Urtean 365 eguneko eta 24 orduko arretaren bidez, SATEVIkemakumeen aurkako indarkeriaren edozein adierazpenen biktima diren emakumeei ematen die arreta, eta aholkularitza eta informazioa ere ematen die profesionalei, senideei eta hurbilekoei. Arreta —berehalakoa, anonimoa eta fakturan arrastorik gabea— 51 hizkuntzatan ematen da, eta entzumen-urritasuna duten pertsonak artatzeko ere prestatuta dago.

Azkenik, Artolazabal sailburuak esker oneko hitzak izan ditu laguntza-lana Lanbideren 42 bulegoetan egiten duten tutoreentzat. Lan hori “diskrezioz eta tentu handiz” egiten dute, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak gizarteratzeko.