Donostiako Udalak Larrialdi Klimatikoaren Deklarazioa onartuko du datorren astean

0

Donostiako Udalak eta hiriak ez daukate komunitate zientifikoak egindako dei horretatik kanpora geratzerik; komunitate zientifikoak gizateriari gure planeta, gure etxea, zer larrialdi egoeratan dagoen adierazteko duen eginkizuna aintzakotzat hartu eta egin duen dei horretatik.

2050erako Klima DSS Planean ezarritako helburuak eta jarduerak berrikusi egin behar dira, horiek betetzea aurreratzeko eta horretara bideratutako baliabide ekonomikoak handitzeko.
Tokiko gobernuaren konpromisoa ezinbesteko pieza da; baina, pertsonen, erakundeen, kolektiboen eta era guztietako eragile sozial eta ekonomikoen laguntzan oinarritzen da hura, eta legegintzaldi eta ziklo politiko bat baino laguntza luzeagoa behar du. Eta donostiar guzti-guztien inplikazioa ere behar du; mugitzeko, hondakinak sortzeko edota argia eta gasa kontsumitzeko dauzkagun ohiturak aldatzeko.
Larrialdi klimatikoa izatea adierazteak konpromiso politiko benetako eta lotesle batzuk betetzea eskatzen du, oraingoak baino askoz ere asmo handiagokoak, eta baita krisi honi aurre egiteko izan behar diren baliabideak jartzea ere.

  • Ibilbide-orri lotesle bat, alegia, gauza izango dena
  • berotegi-efektuko gasen urteko murrizketa bermatzeko;
  • erregai fosilak alde batera uzteko, energia guzti-guztia berriztagarria izatearen aldeko apustua egiteko;
  • eta karbono-emisioen balantze garbia zerora ahalik azkarren murrizteko, IPCCren txosteneko jarraibideen ildoari segitu eta tenperatura globalen igoera 1,5°Ctik ez pasatzeko.

Larrialdi-egoerak, izan ere, beste era batera bideratzea eskatzen du gure Udalak eta gure hiriak dituen baliabideak, klima-krisiari eta hark dakartzan arazoei aurre egingo badiegu.