Emakundek gaitzespen irmoa erakutsi du Abanto-Zierbenan gertatutako bi emakumeren hilketaren aurrean

0
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak gaitzespen irmoa agertu du Abanto-Zierbenan gertatutako bi emakumeren hilketagatik, eta doluminak eta babesa helarazi nahi dizkie senideei eta hurbilekoei. Era berean, herritarrak animatzen ditu emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean gaitzespena adieraztera, eta proaktiboak izatera emakumeenganako edozein jokabide iraingarriren aurrean. Emakundek aurten lehen aldiz aktibatu du kasu hauetarako adostutako erakunde arteko protokoloa; izan ere, EAEn erroldatu ziren urteko lehen biktimak izan dira, 2019. urtea hilketarik gabe igaro ostean. 
Emakumearen Euskal Erakundeak gogorarazi du emakumeenganako indarkeria arazo estrukturala eta dimentsio anitzekoa dela, gure gizartean emakumeen eta gizonen artean dagoen desberdintasunaren sinbolorik basatiena, eta lan bateratuaren, herritar guztien inplikazioaren eta berdintasunezko gizartea eraikitzeko beharrezkoa den balio-aldaketaren bidez baino ez dela lortuko emakumeenganako indarkeriarekin amaitzea. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria Abantoko Udalak deituko duen elkarretaratzean parte hartuko du. Elkarretaratzearen inguruko erabakia gaur arratsaldeko seiretan ospatuko den udaleko bozeramaileen batzordean hartuko da.