Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du Koronabirusari aurre egiteak konpromiso instituzionala, politikoa, profesionala eta zibikoa eskatzen duela. » Gure jardunak eredugarria izan behar du. Osasun agintarien gomendioak zorroztasun osoarekin bete behar ditugu une oro», adierazi du.
Halaber, Lehendakariak azpimarratu du koronabirusa ez dela gai politiko bat, osasun publikoko gai bat baizik, eta, horregatik, alderdi politikoei eskatu die gai horri buruz ez espekulatzeko eta jendaurrean ez eztabaidatzeko. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza hauteskunde deialdiari eragin diezaioketen gorabeherak aztertzen ari dela adierazi du, baina azpimarratu du deialdi horren garapenari buruzko erabakiak Hauteskunde Batzorde Zentralari dagozkiola nagusiki. «Hauteskunde Batzordeak irizpide tekniko eta profesionaletan oinarrituta hartu behar duen erabakia da», adierazi du.
Lehendakariak jakinarazi du, gaur goizean bilera monografiko bat egin dela Eusko Jaurlaritzako sailburuekin eta Gobernuaren sail guztiekin, eta bertan xehetasunez aztertu direla Europako Batzordearen eta Espainiako Gobernuaren neurriak, eta, aldi berean, baloratu egin direla Eusko Jaurlaritzaren barneko bilera guztiak, atzo eragile ekonomiko eta sozialekin izandako bileraren emaitzak esaterako. Urkullu lehendakariak jakitera eman du, bilera honetan, eta Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuak beren eskumenen esparruan hartutako neurrien osagarri gisa, premiazko lehen funts instituzional bat eratzea aztertu dela bertan, 300 milioi eurokoa; osasun- eta hezkuntza-sistemak indartzera bideratuko litzatekeen funts bat; baita familiei, enpresei eta enpleguari laguntzera ere. «Neurri horiek guztiak, osagarriak eta salbuespenezkoak, datorren astearteko Gobernu Kontseiluan planteatuko ditugu, koronabirusak sortutako egoeraren aurrean erantzunik onena eskaintzeko helburuarekin», azaldu du.