Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseilu berria eratu da

0

Gaur bildu da lehen aldiz Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gobernu Kontseilu berria, otsailaren 20an Klaustroan egindako hauteskundeetan lortutako emaitzen arabera osatutakoa. Bilera Bizkaia Aretoan izan da.

Dakigun moduan, Gobernu Kontseilua euskal unibertsitate publikoari dagozkion erabakiak hartzeko organo garrantzitsuenetako bat da. Bertan ezartzen eta garatzen dira politika orokorreko gidalerroak, baita irakaskuntza, ikerketa, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak antolatzeko garaian gidalerro horiek aplikatzeko prozedurak ere. Horrez gain, aurrekontuak egiten ditu eta urte anitzerako plana prestatzen du. Organo horren beste zereginetako bat da erregelamendu ahala baliatzea; hala, bertan onartzen dira UPV/EHUko Estatutuak garatzeko eta aplikatzeko behar diren arauak, baita unibertsitate antolakuntzarako arauak ere.

Gobernu Kontseilua honela osatuta dago: berezko kideak (errektoreak, idazkari nagusia eta gerentea), errektoreak izendatutako 8 kide, Gizarte Kontseiluak izendatutako 2 kide, ikastegietako 7 zuzendari edo dekano, sailetako 5 zuzendari, irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorren 8 ordezkari, irakasle eta ikertzaile ez doktore-iraunkorren 2 ordezkari, beste irakasle eta ikertzaile batzuen 1 ordezkari, ikasleen 5 ordezkari, administrazio eta zerbitzuetako langileen 4 ordezkari, unibertsitate institutuen ordezkari bat eta Doktorego Eskolako ordezkari bat.