Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe guztietara zabaldu du eskolen aldi baterako etetea, Euskadin koronabirusaren hedapena geldiarazteko

0

Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko lurralde osora eta Gipuzkoara ere zabaldu du ikastetxe guztietako eskolen etena, dagoeneko Araba eta Balmasedarako dekretatuta  zegoena. Nekane Murga Osasuneko sailburuak eta Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburuak gaur eguerdian emandako prentsaurrekoan iragarri duten erabakia hartu da Bizkaian zein Gipuzkoan kasuak ugaritu egin direla ikusita, eta, aurretik Araban bezala, Euskadin koronabirusa ez zabaltzea du helburu.

Bada, bihartik aurrera, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeek —haur-eskolek, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek— eta unibertsitateek (EHU, Mondragon eta Deustuko campus-ak barne) ez dute eskola-jarduerarik izango. Eskolaz kanpoko jarduerarik ere ez da egingo.

Bi sailburuek adierazi dute jakitun direla horrelako erabakiek gizartean duten eraginaz eta familietan sortzen duten ziurgabetasunaz, baina nabarmendu dute salbuespenezko neurriak direla salbuespenezko egoera bati aurre egiteko, eta, adituek diotenez, ezinbestekoak direla COVID-19aren hedapena eragozteko.

Nekane Murgak azpimarratu du euste-neurriak direla. “Euskadiko  haurrak osasuntsu daude, baina, euren ezaugarriengatik, birusa oso erraz transmititzen duen kolektiboa dira, eta beldurra da birusa haien etxeetara eraman ahal izatea, bertan pertsona kalteberak egon baitaitezke, eta horien osasunean, ordea, koronabirusak eragina izan baitezake”, argitu du.

Era berean, indarrean jarraitzen dute azken egunotan hartutako neurri guztiek. Izan ere, egoera aldakor honen testuinguruak behartu egiten du gomendioak egoera bakoitzera egokituz joatera. Nekane Murga sailburuak argi utzi du herritarren osasuna lehentasuna izan dela, dela eta izaten jarraituko duela.

HERRITARREN LANKIDETZA

Sailburuak herritarren lankidetzarako deia berretsi du, “Koronabirusaren transmisioa geldiaraztea guztion erronka delako. Osasun-agintariok erabat jabetuta gaude dagokigun erantzukizunaz, baina, era berean, garrantzitsua da biztanleek Osasun Sailaren gomendioei jarraitzea”. Hala, birus hori lehendik ezagutzen genuen beste edozein bezala hedatzen dela (gripea kasu) gogorarazi du, baina kasu honetan ez dugula immunitaterik hari aurre egiteko.

Azkenik, beste egun batez, gogorarazi du zeinen garrantzitsua den birusa zabaltzea saihesteko orain arte emandako gomendioei jaramon egitea:

-Eskuak arreta handiz garbitzea, eta are gehiago arnas sintomak dituztenek. Ez dugu ahaztu behar kutsapenen % 95 pertsonak sintomak dituenean gertatzen direla.

-Gainazalak garbitzea.

-Eztul egitean ukondoarekin edo erabili eta botatzeko zapi batekin estaltzea.

-Sintomak (sukarra, arnas sintomak) dituzten pertsonek ez dute egon behar adinekoekin edo gaixotasun kronikoak dituztenekin kontaktuan, edo leku publiko eta jendetsuetan.

AZKEN DATU EGUNERATUAK

Euskadin, beste 85 COVID-19 kasu erregistratu dira. Beraz, guztira 346 kutsatu daude, eta horietatik 147 ospitalizatuta daude.

Hildako pertsonak hiru gehiago dira atzoko egunarekiko: bi Araban eta bat Gipuzkoan. Gaur baieztatu denez, Bizkaian hildako pertsonetako bat, hasiera batean positibo gisa zenbatua, ez zegoen kutsatuta. Hortaz, koronabirusaren ondoriozko heriotzak guztira 11 dira Euskadin.

Bestalde, emaitza negatiboa duten probak, hau da, kutsatu gabeko pertsonak, 1.580 dira.

 . Martxoaren 12ko eguneratzea Kasu positibo berriak Pertsona ospitalizatuak Hildako pertsonak Kasu positiboak GUZTIRA
ARABA 58 103 6 259
BIZKAIA 20 38 2 71
GIPUZKOA 7 6 3 16
EAE GUZTIRA 85 147 11 346