Marihuana-plantazio bat desegin dute Getarian

0

Ertzainek marihuana-plantazio bat aurkitu dute goizaldean Getariako enpresa abandonatu baten pabiloian. Plantazioaren arduradunak osasun publikoaren aurkako delitua eta argindarrarekin iruzur egitearen delitua leporatuta atxilotu dituzte.

Goizaldeko lauak aldera, Getarian patruilatzen ari zen Ertzaintzaren baliabide batek bi ibilgailu ikusi ditu abandonatutako lantegi baten kanpoaldean, eta enpresara sartzeko atea zabalik zegoela konturatu dira. Lapurretan ari zirela susmatuta, agenteak, beste lankide batzuek babestuta, lantegira hurbildu dira, eta bi gizonezko ikusi dituzte marihuana-landareekin lanean.

Bi gizonezkoak identifikatu ondoren, agenteek zorrotzago miatu dute pabiloia, eta hazkuntza-fase ezberdinetan zeuden berrehun bat marihuana-landare aurkitzeaz gainera, pabiloiko koadro elektrikoak manipulatu izanaren zantzu argiak zituela ikusi dute.

Horren aurrean, agenteek atxilotu egin dituzte bi gizonezkoak, osasun publikoaren aurkako delitua eta argindarrarekin iruzur egitea leporatuta.

Bi pertsonak polizia-egoitzara eraman dituzte, eta arratsaldeko lehenengo orduan aske utzi dituzte eta agintaritza judizialak noiz deituko zain daude.