Scratch programazio-lengoaiari eta elektronikari buruzko hastapen Ikastaroa Urola Kostan

0

Urola Kostako Udal Elkartearen baitako Open Lab gunetik, Arduino bloke programazioko eta elektronikako 12 orduko hastapen ikastaroa eskainiko da. Ikastaroaren helburua da herritarrek arduino mundua ezagutzea, lehen zirkuitu elektronikoak ordenagailu bidez kontrolatzen ikastea eta bloke erako programazioan lehen urratsak ematea.

Guztira, 12 orduko ikastaroa izango da. Alde batetik, 4 orduko bi aurrez aurreko saio izango dira; lehena martxoaren 27an, eta bigarrena apirilaren 3an. Eta lan-saioen osagarri, online eskainiko dira beste 4 ordu.

Edukiak

Elektronikari dagokionez, oinarrizko zirkuitu elektronikoak landuko dira. Partaideek sarrera eta irteera digital nahiz analogikoan landuko dituzte; besteak beste, LEDak, serbomotoreak eta joystick-ak bezalako elementuak erabilita.

Bestalde, programazio-lengoaia ere landuko da. Scratch aplikazioaren bitartez, ordenagailuetako bloke programazioari buruzko funtzio eta eraikuntza nagusiak azalduko dira; hala nola, ordenagailutik kanpora edo barrura aginduak zabaltzeko funtzioak, edota oinarrizko eraztun, baldintza eta sekuentzia egiturak.

Argibideak eta izen-ematea

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

Urola Kostako Udal Elkartea, Open Lab

  • Tel. 943 890808
  • harrera@urolakosta.eus