Turismo Saila sektorearekin harremanetan izan da asteotan egoera ebaluatzen joateko, eta ezohiko Turismo Mahai hau deitu du hainbat neurri aurkezteko, turismo eta ostalaritzako ordezkarien iritzia biltzeko eta egungo egoera eta, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioarekin koordinatuta (CONESTUR Espainiako Turismo Kontseiluaren bitartez) egiten ari garen jardunak azaltzeko. Euskadi da, Kanariar Uharteekin batera, Autonomia Erkidegoen ordezkaria CONESTURko Batzorde Exekutiboan.
Besteak beste, Turismo Sailak jardun-protokolo berezi bat aurkeztu du sektorerako, eta koordinazioan aritu da Ministerioarekin zein Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin. Protokoloak, lehenik eta behin, Osasun Sailak gomendatutako higiene-neurriak biltzen ditu, baita lantokietan eta instalazioak garbitzeko orduan ezartzeko bestelako neurri zehatz batzuk ere, eta profesionalek jarraitu beharreko prozedura zein den.
Iradokizun orokorrez gain, protokoloak bidaiarientzako azalpenak eta alojamendu-establezimenduentzako neurriak biltzen ditu. Alde horretatik, protokoloak hainbat aholku azaltzen dizkie askotariko harrera-zerbitzuei, gerentziei (baliabideen eskuragarritasuna, krisi-batzordea, ekintzen erregistroa), zerbitzu teknikoei, eta mantentze-lan, barra- eta jantoki-garbiketako zerbitzuei, baita langileen jardunerako ere.
Halaber, jardunak ezarri dira berrogeialdi-kasuetarako, komunikazioa kudeatzeko, eta garraioari zein bidaiak ezereztu edo aldatzeari buruzko beste gomendio batzuk. Jardunbide egokien sistema bat bultzatu nahi da batez ere, enpresen eta turismo-sektoreko pertsona erabiltzaileen posizioak bateragarri egiteko, ahal bezainbeste. Komeniko litzateke kontratuak suntsiarazi edo aldatzeko formula adostuak bilatzea, ezerezteko baldintzak malgutuz, edo kontratatutako zerbitzuak atzeratuz.
Turismo Mahaian, hain zuzen, eguneratu egin da Kontsumobiden, Kontsumoko Udal Bulegoetan eta pertsona kontsumitzaileen elkarteetan bidaiak ezerezteko
aukeraz egunero jasotzen diren kontsulta eta erreklamazioen inguruko informazioa. Egundaino, 3 erreklamazio eta 80 kontsulta jaso dira guztira.
Bestetik, Turismo Sailak sektoreko informazioa maiztasunez biltzeko sistema formal bat diseinatu du; bertan, ezerezta daitezkeen ekitaldi eta atzera daitezkeen kongresuei buruzko fitxak biltzen dira, kontuan hartuz parte-hartzaile kopuruak, tipologia, zerbitzuen ezaugarriak eta COVID19k izan dezakeen inpaktuaren ebaluazio bat egiteko balio duten beste elementu batzuk.
Turismo Mahaia
Turismo Mahaia kide hauexek osatzen dute: deialdia egiten duen Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko kideak (sailburua, sailburuordea eta Turismo eta Merkataritzako zuzendariak); hiru aldundietako eta hiru hiriburuetako udalen ordezkariak; EUDEL; merkataritza-ganberak; unibertsitateak eta turismoaren lanbide-heziketa eta ikerketarako ikastetxeak; ostalaritza-elkarteak; bidaia eta gidari turistikoen agentziak; alojamendu-enpresen elkarteak; ekitaldiak antolatzen dituzten erakunde eta enpresak; kontsumitzaile-elkarteak; eta sindikatuak.
Oraingoan, gonbidapena egin zaie, halaber, Convention Bureauetako zuzendariei, hiru aireportuetako zuzendariei, kongresu-jauregi eta -erakustazokei (Europa jauregia, Euskalduna, BEC, Kursaal eta FICOBA), eta bidaia-agentzia nagusiei.