Etxebizitza Sailak etxebizitzen metro karratu eraikiko prezioa gehitu du Alokairu Merkatuaren Estatistikan (AME), prezioa 8,7 eurokoa da batez beste

0

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Alokairu Merkatuaren Estatistikaren (EMA) bigarren entrega argitaratu du. Tresna horrek Euskal Autonomia Erkidegoko alokairuen batez besteko prezioari buruzko benetako informazioa ematen du, udalerriz udalerri eta, hiru hiriburuen kasuan, auzoz auzo. 2019ko ekainaren 30ean eguneratutako datuekin osatutako bigarren entrega honetan, aurreko urteko urrian argitaratutako adierazleen analisia finkatu da (2018. urteari dagozkionak), eta beste adierazle batzuk hartu dira barnean; horien artean, nabarmentzekoa da eraikitako metro karratuko batez besteko errentaren analisia. Euskal Autonomia Erkidegoan errenta hori 8,7 eurokoa da, batez beste.

Donostia dago metro karratu eraikiko errentaren araberako sailkapenaren buru, 11,5 eurorekin, eta atzetik ditu Getxo (10,3), Bilbo (10,1), Zarautz (9,6) eta Leioa (9,5), guztiak batez bestekoaren gaineko balioekin. Gasteizen, metro karratuko batez besteko prezioa 7,7 eurokoa da.

20.000 biztanletik gorako udalerrietan, metro karratuko hileko batez besteko errenta, 2019ko ekainaren 30ean indarrean dauden fidantzen arabera

Udalerria Batez b. errenta
Donostia 11,5
Getxo 10,3
Bilbo 10,1
Zarautz 9,6
Leioa 9,5
Barakaldo 9,0
Erandio 9,0
Portugalete 8,9
Errenteria 8,8
Santurtzi 8,6
Basauri 8,3
Sestao 8,3
Irun 8,2
Durango 7,7
Gasteiz 7,7
Galdakao 7,3
Eibar 7,1
Arrasate 6,9
EAEko batez bestekoa 8,7

 

2015eko Etxebizitza Legearen ondorioz sortutako erregistroetan nahitaez gordailutu beharreko fidantzetan oinarritzen da Alokairu Merkatuaren Estatistika. Hortaz, errentariek benetan ordaindutako prezioak jasotzen ditu, ez jabeek iragarrita dituzten etxebizitzengatik eskatzen dituzten prezioak. 2019ko ekainaren 30ean hiru lurralde-erregistroetan indarrean zeuden kontratuei dagozkie datuak; guztira, 52.024 kontratu dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoan zenbatetsitako alokairuko etxebizitza-parkearen ehuneko oso handia eta fidagarria dira. Alokairuko etxebizitza-parkea 90.000 etxebizitza ingurukoa dela kalkulatzen da, baina parke horretan sartzen dira urtebetetik beherako iraupeneko kontratuak dituzten etxebizitzak, familia bakarrekoak, babes publikoko etxebizitzak edo Bizigune eta ASAP bezalako programekin lotutako etxebizitzak, eta horiek ez dira Alokairu Merkatuaren Estatistikan kontuan hartzen, haien ezaugarriengatik.

2019ko ekainaren 30ean estatistika horrek emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan alokairuaren hileko batez besteko errenta 667 eurokoa da. Alabaina, udalerrien dimentsioaren araberako batez besteko errentaren diferentziala oso handia da. Izan ere, alokairu-kontratuen batez besteko prezioa nabarmen igotzen da udalerriak zenbat eta biztanle gehiago izan, kontratu bakoitzeko 745 eurora iristen baita batez beste 100.000 biztanletik gorako udalerrietan, hau da, EAEko hiriburuetan. Donostiako batez besteko prezio handiak (880 euro) eragin handia du horretan. Donostia dago Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu-garestienen sailkapenaren buruan; gero, Getxo (847 euro), Zarautz (770 euro), Leioa (755 euro) eta Bilbo (742 euro) datoz. Gainerako udalerriak batez besteko prezioaren azpitik daude. Gasteizen batez besteko errenta 612 eurokoa da.

Batez besteko errenta 600 eurotik gorakoa da 40.000 eta 100.000 biztanle bitarteko udalerrietako etxebizitza bakoitzeko (670 euro), eta 20.000 eta 40.000 biztanle bitarteko udalerrietako etxebizitza bakoitzeko (629 euro). 2.500 eta 20.000 biztanle bitarteko udalerrietan, indarrean dauden kontratuen batez besteko prezioa 535 euro eta 594 euro artekoa da (535 eurokoa 2.500 eta 5.000 biztanle bitarteko udalerrietan eta 594 eurokoa 10.000 eta 20.000 biztanle bitarteko udalerrietan). 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan kontratuen batez besteko prezioa 504 eurora arte jaisten da.

20.000 biztanletik gorako udalerrietan, hileko batez besteko errenta, 2019ko ekainaren 30ean indarrean dauden fidantzen arabera

Udalerria Batez b. errenta EAEko batez b. errentaren gaineko %
Donostia 880,0 % 31,8
Getxo 847,6 % 27,0
Zarautz 770,4 % 15,4
Leioa 755,1 % 13,1
Bilbo 742,1 % 11,2
Erandio 658,0 -% 1,4
Irun 648,7 -% 2,8
Barakaldo 637,2 -% 4,5
Errenteria 629,3 -% 5,7
Galdakao 623,8 -% 6,6
Portugalete 616,1 -% 7,7
Gasteiz 612,2 -% 8,3
Santurtzi 610,2 -% 8,6
Durango 600,7 -% 10,0
Basauri 600,6 -% 10,0
Sestao 579,2 -% 13,2
Eibar 528,5 -% 20,8
Arrasate 516,6 -% 22,6
EAEko batez bestekoa 667,6

 

Hiriburuetako datuak

2019ko ekainaren 30eko kontratuen batez besteko errenta aztertuta, alde handiak daude etxebizitza hiriburuetako auzo batean egon edo bestean egon.

Gasteizen alde handiak daude Zabalgune (687 euro) eta Lakua (636 euro) auzoen eta Alde Zaharraren artean; azken horretan batez besteko errenta 532 eurokoa da. Dena dela, metro karratuko analisian aldeak txikiagoak dira, etxebizitzen askotariko azaleren ondorioz.

Bilbon Abando auzoa nabarmentzen da, auzo horrek nabarmen gainditzen baitu gainerako auzoen batez besteko errenta; 953 eurora iristen da, eta batez besteko errentarik txikiena baino % 50 handiagoa da —Otxarkoagari dagokio errentarik txikiena, 626 eurorekin—. Abandoko metro karratuko prezioa 12 eurotik gorakoa da, eta gainerako auzoetan homogeneo samarra da, beti 9 euro ingurukoa.

Donostian, batez besteko errenta handiaz harantzago, oso alde handiak antzeman daitezke etxebizitzen kokalekuaren arabera.

Hiriguneko auzoetan (hiriko hondartzen inguruan) dauden etxebizitzen batez besteko errenta nabarmen handia da: 994 eurokoa Antiguan, 978 eurokoa Erdialdean eta Alde Zaharrean, eta 900 euro ingurukoa Grosen eta Amaran (azpimarratu behar da Donostian oso ohikoak diren sasoiko etxebizitzak ez direla kalkulu horren barruan sartzen; horiek aintzat hartuko balira, batez besteko horiek are handiagoak izango lirateke). Auzo horietan, metro karratu eraikiko prezioa 11 eurotik gorakoa da: 13,3 eurora iristen da Alde Zaharrean eta Erdialdean, 12,1 eurora Antiguan eta 11,9 eta 11,1 eurora Grosen eta Amaran, hurrenez hurren.

Aitzitik, hiriko gainerako auzoetan (batera aztertu dira, besteak beste, Altza, Intxaurrondo, Bidebieta, Egia eta abar) alokairu libreko etxebizitzen batez besteko errenta nabarmen txikiagoa da (709 euro). Nolanahi ere, auzo horietan metro karratuko batez besteko prezioa 9,4 eurokoa da, Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoaren gainetik.

 

Vitoria-Gasteiz

 

 

Batez b. prezioa Batez b. prezioa / metro² eraiki
1. Alde Zaharra 532,1 8,5
2. Zabalgune 687,2 8,8
3. Lovaina 626,1 7,5
4. Zaramaga 597,6 7,4
5. Lakua 636,8 7,0
6. Ali-Gobeo 562,5 8,0

  

Donostia

 

Batez b. prezioa Batez b. prezioa / metro² eraiki
1 eta 2 zonak. Alde Zaharra eta Erdialdea 978,3 13,3
3. Amara 877,9 11,1
4. Antigua 994,9 12,1
5. Gros 869,0 11,9
6. Beste auzo batzuk 709,7 9,4

 

 

Bilbo

 

Batez b. prezioa Batez b. prezioa / metro² eraiki
1. Deustu – S. Ignazio 753,0 9,8
2. Uribarri 667,3 9,5
3. Otxarkoaga 626,4 9,2
4. Bolueta 677,1 9,7
5. Alde Zaharra 691,8 9,5
6. Abando 953,6 12,1
7. Rekalde 691,5 9,7
8. Basurto 709,1 9,9

  

Urteko bilakaera

Euskal Autonomia Erkidegoan sinatutako alokairu libreko kontratuen batez besteko errentaren hiruhileko hazkunde-tasak % 0,7koa eta % 1,8koa izan dira lehen eta bigarren hiruhilekoetan, hurrenez hurren; eta 687 euroko batez bestekora iritsi da. Urteko hazkunde-tasari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko alokairuaren prezioaren igoera moteldu egin da 2019ko lehen zati horretan.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2019ko bigarren hiruhilekoan, sinatutako kontratuen batez besteko errentaren urte arteko hazkunde-tasa % 3,4koa izan da, betiere 2018ko hiruhileko berdinarekin alderatuta; hartara, hazkunde-erritmoa moteldu egin da, 2018ko ekitaldiaren osotasunean izandako hazkundea baino bost hamarren txikiagoa baita (+% 3,9).

Lurralde Historikoei dagokienez, eta urte arteko hazkunde-tasa aztertuta, ikus daiteke batez besteko errentaren hazkunde-tasa zertxobait moteldu dela hiru lurraldeetan.

Araban, 2019ko bigarren hiruhilekoan sinatutako kontratuen batez besteko errentaren tasa % 4,8 hazi da, 2018ko hiruhileko berarekin alderatuta —2018ko osotasunean % 5,2koa izan zen; oraingoan lau hamarren txikiagoa—. Bizkaian % 3,4ra iristen da (% 3,1 izan zen 2018an) eta Gipuzkoan % 2,8ra (% 4,3 izan zen 2018an).

Alokairu librearen prezioaren irudi zehatza emateaz gain, Alokairu Merkatuaren Estatistika oinarrizkoa da errentarientzako eta errentatzaileentzako zerga-pizgarrien balizko sistemak diseinatzeko —alokairuaren prezioaren araberako pizgarriak izango dira—, eta laguntzen eta prestazioen sistemak lurralde-esparru bakoitzeko alokairu-merkatuaren errealitatera egokitzeko. Estatistika osoa —udalerrien arabera banakatuta eta, hiriburuen kasuan, auzoz auzo— eskuragarri dago Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren web-gunean.