Iñigo Urkullu Lehendakaria euskal alderdi politikoetako ordezkariekin bildu da gaur goizean Lehendakaritzan, apirilaren 5erako aurreikusitako hauteskunde-deialdiari buruzko erabakia elkarrekin jorratzeko.
Bileraren ondoren, Lehendakaria komunikabideen aurrean agertu da, bide digitaletik, honela:
Arratsaldeon.
Gaur goizean Legebiltzarrean ordezkaritza duten euskal alderdi politikoekin bilera izan dugu. Bileraren ondoren, hartu ditugun akordioen berri emango dut agerraldi honetan:
Euskal alderdi politikoak ados egon dira hiru puntutan:
- Osasun-Larrialdiaren Adierazpenarekin eta Alarma-Egoeran ezin izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin ez osasun publikorako ezta botoa emateko eskubidea baliatzeko behar diren bermeekin.
- Ondorioz, indargabetuta geratuko da, Lehendakariaren Dekretu bidez, datorren apirilaren 5eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako deialdia. Erabaki hori hauteskunde kanpaina hasi baino lehen, osteguneko gaueko 12:00ak baino lehen, hartu eta argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
- Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdia Osasun-Larrialdiaren Adierazpena kendu ondoren aktibatuko da. Berehala egingo da, alderdi politikoei entzun ondoren, eta Lehendakariaren Dekretu bidez.
Honekin batera, akordio hauek Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrarekin eta Erkidegoko Hauteskunde Batzordearekin kontrastatuko dira; Gobernu Kontseiluan ere akordio hauek aztertuko dira.
Azpimarratu nahi dut erabaki hori Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien aho batez hartu dela. Erabaki hori gauzatzeko jarraitu beharreko prozedura eta Hauteskunde deialdi berria zein baldintzatan planteatu beharko den ere adostu dugu.
Bileraren emaitza ezagututa, balorazio positiboa egiten dugu.
Biziki eskertzen dut euskal alderdi politikoek erakutsi duten jarrera. Bizi dugun egoera zaila kontuan hartuta, lortutako akordioa heldutasunaren eta konpromisoaren erakusgarria da.
Gizarte-kezka eta larritasun maila murrizten laguntzen duen akordioa da.
Bat gatoz gai oso garrantzitsu batean.
Akordio honek segurtasuna eta lasaitasuna eskaintzen dio euskal gizarteari.