Arabako Foru Aldundiak premiazko neurri fiskalen lehen sorta onetsi du

0

Arabako Foru Aldundiak premiazko zerga neurrien lehenengo sorta bat jarriko du abian, COVID-19ko osasun krisiak gehien eragindako zergadunen kalte ekonomikoak ahalik eta txikienak izan daitezen. Arabako enpresen eta langileen likidezia erraztu nahi du, datozen hilabeteei aurre egin ahal izan diezaieten. Hain zuzen ere, neurri horiek bihar, asteazkena, onartuko dituzte aparteko gobernu kontseilu batean.

Horretarako, Foru Ogasunak zergadunei (pertsona fisiko eta juridikoei) itzulketak eta ordainketak egitea arinduko du. Era berean, neurri horien helburuak dira Ogasunari egin beharreko ordainketak geroratzea eta zatikatzea erraztea, zerga batzuen ordainketa atzeratzea eta 2020ko lehen eta bigarren hiruhilekoetako langile autonomoen ordainketa zatikatuak bertan behera uztea.

“Gure esku dagoen guztia egingo dugu aurrera egiteko eta krisi honek gehien kaltetzen dituen pertsona edo kolektiboei laguntzeko”. Hitz horiekin laburbildu ditu Ramiro González Arabako diputatu nagusiak foru gobernuak epe laburrean prestatu dituen ekonomia arloko lehenengo neurriak. Izan ere, COVID19ren hedapena prebenitzeko hartutako neurrietatik harago, nahitaezkoa da jardutea herritarrei eta Arabako ehun ekonomikoari eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko.

Ogasunaren ordainketak arintzea Ordainketen atzerapena eskaintzeaz gain, Arabako Ogasunak aparteko ahalegina egingo du zergadunei itzulketak eta ordainketak ere arintzeko. Zehatzago esanda, enpresei BEZaren itzulketak arinduko zaizkie. Era berean, hornitzaileei egiten zaien batez besteko ordainketa hobetzen saiatuko dira; gaur egun 19,47 egunekoa da.

Osasun larrialdi honek Arabako familiei eragin diezaiekeen egoera ekonomikoa ere kontuan hartu du Foru Ogasunak. Horregatik, Errentaren Kanpaina aurrez aurre irailera arte atzeratuko badu ere, Rentafacil modalitateko (aurrez prestatutako aitorpenak etxera bidaltzea) ohiko epeak mantenduko ditu.

Horrela, ados dauden zergadunek beren aitorpen zirriborroa onartu ahal izango dute telefonoz edo Interneten bidez. Gainera, aitorpen negatiboen kasuan (‘itzuli beharrekoak’) gehienez 48 orduko epean kobratu ahal izango dute. Bien bitartean, aitorpenak positiboak badira (‘ordaindu beharrekoak’), zergadunek ez dute ordainketa egin beharko azarora arte.

“Azken batean, pertsonen eta enpresen likidezia erraztuko dugu. Ogasunari egin beharreko ordainketak atzeratu eta errazten ditugu, eta herritarrek eta enpresek kobratu beharreko kopuruak aurreratzen ditugu. Hau da, Arabako Foru Aldundiak, ordaindu behar badu, lehenago ordainduko du; eta kobratu behar badu, beranduago kobratuko du. Likidezia gehiago, datozen hilabeteei aurre egiteko gaitasun handiagoa. Hori da lehenengo neurri horien helburua”, azaldu du.

Ramiro Gonzálezek berriro esan du lehenengo neurriak direla, baina gehiago egongo direla. “Lanean ari gara krisi honek kaltetutako pertsona bakoitzaren, arabar bakoitzaren, arazoei erantzuteko. Eta, era berean, lanean ari gara gure ekonomiarentzako kalteak geldiarazten lagunduko diguten neurrietan. Autonomo bakoitzak, enpresa txiki edo ertain bakoitzak eta Araban milaka langile enplegatzen dituen enpresa handi bakoitzak izango dituzten zailtasunak arintzeko neurriak lantzen ari gara”.

“Herritarren kontzientziak, konpromiso sozialak eta ezbeharraren aurreko batasunak indartuta ateratzea ahalbidetuko dute. Izan ere, krisi guztietatik indartuta ateratzen da, eta hau ez da salbuespena izango. Suzko proba bat da, ikas dezagun, ez bakarrik modu pertsonalean, baita kolektiboan ere”, esan du diputatu nagusiak.

Amaitzeko, ahaldun nagusiak berariazko aitortza egin nahi izan die Arabako Foru Aldunditik bertatik atsedenik gabe lanean ari diren pertsonei. «Bereziki errekonozimendu bat eremu soziosanitarioan lan egiten duten pertsonei, GOFEko langileei, etxez etxeko laguntza-zerbitzuari, hirugarren sektoreko erakunde guztiei. Pertsonekin egindako zuzeneko lanak, arreta zuzeneko lehen lerroan, oso egoera zailean, gizarte osoaren aitortza merezi du «, zehaztu du.» Badakit oso baldintza zailetan ari zaretela lanean. Zuekin gaude, bihotzez diot. Ahal dugun guztia egiten dugu zuen lan-baldintzak hobetzeko, eta gehiago egingo dugu, ziur egon «.