Bizkaiak zergen arloko neurri bereziak ezarri ditu Covid-19 birusak Lurraldeko ekonomian edukiko duen eraginari aurre egiteko

0

Gaur, martxoaren 17an, Aldundiko Gobernu Kontseiluak 1/2020 Foru Dekretu Arauemailea onetsi du; gero Batzar Nagusietara bidaliko da, berrets dezan. Honako neurri hauek ezartzen ditu zergen arloan:

  1. Prozedurak eten edo luzatu
    1. Ekainaren 1era arte atzeratu da 2020ko martxoaren 16tik aurrera ofizioz hasi beharreko zerga-prozeduren hasiera. Atzerapen honek ez du eraginik edukiko zehapen-prozeduretan, ofiziozko konpentsazioetan, enbargoetan eta pertsona fisikoen gaineko zergaren likidazio-proposamenetan.
    2. Ekainaren 1era arte luzatu da autolikidazioak eta aitorpenak norberaren borondatez aurkezteko epealdia. Nolanahi ere, luzapen hau eza zaie aplikatuko Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan nahitaez izapidetu beharrekoei.
    3. Ekainaren 1era arte atzeratu da zergadunek eskatuta hasi beharreko zergen arloko jarduketak egiteko epealdiaren hasiera. Atzerapen hau ez zaie aplikatuko nahitaez baliabide telematikoen bitartez aurkeztu beharrekoei.
  2. Epealdiak luzatu
    1. Otsaileko autolikidazioak norberaren borondatez aurkezteko eta ordaintzeko epealdia 2020ko apirilaren 14era arte luzatu da.
    2. 2020ko martxoaren 16tik aurrera mugaeguneratzen diren likidazioen emaitzako kopuruak ordaintzeko epealdia egutegiko hamabost egun luzatu da.
  3. Zergen arloko prozeduren izapideak eten
    1. Zergen arloko prozedura guztiak eten egingo dira 2020ko martxoaren 16tik ekainaren 1era bitartean; halaber, zergen arloan eragina duten dokumentuak, aurrekariak edo informazioa jasotzeko banakako errekerimenduei erantzuteko epealdia ere eten egingo da aldi horretan.
  4. Zergen ordainketa geroratu
    1. Gerorapen berezia onetsi da langile autonomoen, mikroenpresen eta enpresa txikien zergen arloko zorretarako. 2020ko martxoaren 16tik ekainaren 1era bitartean norberaren borondatez aurkeztu eta ordaindu beharreko zorrak bermerik jarri gabe eta berandutze-interesik sortu gabe geroratu ahal izango dira. Zor horien ordainketa hiru hilabetez etengo da borondatezko epealdia amaitu ondoren; gero, kopuru bereko hileko sei kuota ordaindu beharko dira.
    2. Langile autonomoek eta enpresa txikiek eta mikroenpresek honako zerga-zor hauen ordainketan ere aplikatu ahal izango dute gerorapen berezi hau: Administrazioak likidatu ondoren norberaren borondatez 2020ko martxoaren 16tik ekainaren 1era bitartean ordaindu beharreko zerga-zorrei. Zor hauek aurreko zenbakian azaldu den modu berean ordainduko dira.
  5. Indarreko gerorapenak
    1. Hilabete geroratu da ordaintzeko epealdia luzatuta duten zorren martxoko ordainketa. Beraz, martxoaren 25ean Ogasunak ez ditu kobratuko kopuru horiek, eta ondoko ordainketa guztiak ere hilabete atzeratuko dira. Neurri honek ez du sortuko berandutze-interesik.
  6. Langile autonomoen PFEZen ordainketa zatikatuen ordainketa eten
    1. Jarduera ekonomikoren bat egiten duten pertsona fisikoek ez dute edukiko PFEZen 2020ko lehen eta bigarren hiruhilekotako autolikidazioak egin beharrik, ez eta horien emaitzako ordainketa zatikatuak ere. Neurri honek zuzeneko onura ekarriko die 35.000 zergadun ingururi; konturako bi ordainketa horien ondorioz Ogasunak 40 bat milioi euro jasoko lituzke.

Itzulketak, bermatuta

Neurri hauez gainera, eta helburu berarekin (enpresen eta langile autonomoen likidazioa bultzatzea), Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailak datozen hiletan egin beharreko itzulketak bermatzen ditu eta, ahal duela, aurreratu egingo ditu.

Maiatzaren 31ra arte Foru Ogasunak 224 milioi euro emango dizkie Bizkaiko enpresei eta langile autonomoei BEZaren itzulketengatik.

PFEZi dagokionez, Errenta 2019 kanpainaren hasierarekin batera, Foru Ogasuna maiatzeko lehen astean zerga horren itzulketak egiten hasiko da; guztira, 431 milioi euro baino gehiago itzuliko ditu.

Zergadunen arreta

Zergadunen arreta dela eta, Foru Ogasunak gogorarazi nahi du izapide guztiak baliabide telematikoen bidez egin daitezkeela BizkaiBai egoitza elektronikoan. Hain zuzen ere, Ogasunak sendotu egin du telefono bidez ematen duen zergen arloko arreta; hona datuak: 946 125 500; ordutegia: 08:30 – 19:00 eten gabe, astelehenetik ostiralera.

Errentaren kanpainan Foru Ogasunak web eta telefono bidezko arreta-zerbitzuak mantenduko ditu; aldiz, bertatik bertarako arreta-zerbitzuak kasuan kasuko inguruabarretara moldatuko dira (aldaketak berehala jakinaraziko dira).