Bizkaiko Foru Aldundiak neurri gehiago hartu ditu gaur

0

HONDAKINAK

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du koronabirusak kaltetutako pertsonekin kontaktuan egon diren materialak -maskarak edo eskularruak, esaterako- eta pertsona horiek sortzen dituzten hondakinak (paperezko zapiak, janari-hondarrak…) itxitura hermetikoa duen poltsa batean utzi behar direla, ahal dela estalkia eta irekitze-pedala dituen zaborrontzi batean, infektatua isolatuta dagoen gelaren barruan. Poltsa hori kentzeko, ezinbestekoa izango da poltsa hori itxitura hermetikoa duen beste poltsa batean sartzea. Itxitura hori, aldi berean, gainerakoen frakziorako ohiko poltsan sartuko da, gero frakzio horren edukiontzian uzteko. Elementu horiekin ez da egingo, beraz, inolako gaikako bilketarik.

Gainerako hondakinak, birusak jotako pertsona batek ukitu ez baditu, gaikako bilketarako edukiontzi egokira botako dira, orain arte egin den bezala. Hau da: papera eta kartoia edukiontzi urdinean utziko dira; beira, berdean; ontzi arinak, horian; olioa, laranjan; ehunak, etxetresna elektriko txikiak, liburuak, jostailuak eta berrerabil daitezkeen besteko elementuak, edukiontzi zurian; hondakin organikoak, marroian, eta errefusa, horretarako jarrita dagoen edukiontzian.

GARBIGUNEAK

Bizkaiko Foru Aldundiaren gabiguneen sare osoa itxita egongo da, garbigune nagusiak izan ezik (Barakaldo, Basauri, Durango, Erandio, Gernika-Lumo, Getxo, Güeñes, Igorre eta Markina), koronabirusa zabaltzea saihesteko hartutako neurriek indarrean dirauten bitartean. Edozelan ere, garbigune nagusi horiek bakarrik egongo dira irekita astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 18:00etara, gremioek obra-hondakinak eraman ahal izateko.

BIZKAIA GARA

Bizkaiko gizarte-zerbitzuen sarea ere prestatu da ezohiko garai honetarako. Egoitza-zentroetako jardueran, kanpoko bisitetarako ezarritako murrizketak aplikatuta, arreta berezia jartzen ari da egoiliarren eta profesionalen arnas sintomak edo sukar-sintomak direla-eta. Horretarako, aktibatuta ditu prebentzio-mekanismoak eta prest ditu kontingentzia-planak.

Bizkaiko Foru Aldundiak bere esker ona adierazi nahi die lurraldeko egoitza-zentroetan adinekoak eta desgaitasunen bat duten pertsonak zaintzen dituzten profesional guztiei, Bizkaiarentzat funtsezko zerbitzua eskaintzen baitute egoera berezi honetan.

Eguneko arreta-zentroen jarduna eten ondoren, foru-erakundea erabiltzaileekin harremanetan jartzen hasi da, telefonoz. Gauza bera egiten ari da mendekotasun-egoeran dauden eta adineko zaintzaile batekin bizi diren 9.168 adinekoekin. Detektatutako beharrizan guztiak erregistratzen ari dira, pertsona horien ongizatea bermatzeko behar diren neurri guztiak bideratzeko. Saileko zerbitzuetako 21 langilek osatutako taldea ari da dei horiek egiten.

Baina erantzun instituzionaletik harago, bizkaitarren erantzun solidarioa #BizkaiaGara sarearen bitartez bideratu da orain arte. Dagoeneko 1.500 pertsona daude inskribatuta behar diren jarduketa guztiak egiteko, Eusko Jaurlaritzaren koordinazioaren pean.

BIZKAIBUS

Bizkaibusek zerbitzuaren %  100 berrezarri du korridore nagusietan: Lekeitio, Durango, Mungia, Gernika, Bermeo eta Balmaseda. Baita Zamudioko Teknologia Parkeko eta Gurutzetako ospitaleko lineak ere.

Horrez gainera, zerbitzua indartzeko ibilgailuak daude, 15 eta 18 metrokoak, Euskal Herriko Unibertsitateak bere jarduera guztia eten duelako, besterik agindu arte; EHUra joateko, 4 linea baino ez daude orain.

Bizkaibus etengabeko esfortzua egiten ari da zerbitzua ematen jarraitzeko eta osasun-arloko agintariek gomendatutako neurriak betetzen direla bermatzeko, besteak beste, bidaiarien artean metro batetik gorako segurtasun-distantzia uztearena.