Donostiako Udalak irailaren 15era arte atzeratu du udal zergen ordainketa

0

Tokiko Gobernu Batzordeak Donostiako Udalaren egutegi fiskaleko aldaketa onartu du. Beraz, ordaintzeko epea duten zergek irailaren 15era arteko atzerapena izango dute. Aldi berean, eremu horretan hartu beharreko neurriak aztertuko dira, egungo egoeraren iraupena jakin ondoren.

Erabaki honen bitartez, Udalak ordainketen inguruan malgutasunez jokatu nahi du, koronabirusaren izurriteak eragin duen gizarte egoera kontuan hartuta.

Zehazki, Udalak irailaren erdia arte atzeratuko du zerga handien kobrantza, hala nola OHZ edo Ibilgailuen Zerga (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga –JEZ- urri-azaroan ordaintzen da), baita aldi batean ordaintzen diren tasak ere (TAO). Aldizkako ordainketaren gainerako tasak banan-banan aztertuko dira eta behar diren erabakiak hartuko dira.

Kontratazio sistema

Era berean, Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Ogasuneko eta Finantzetako zinegotzi ordezkaria egoera honetatik etorritako, eta orokorrean, beharrezkoak diren kontratazioak egiteko ahalmentzea kontratazio organo kolegiatua bildu behar gabe. Honela, gaur egungo egoerari erantzun azkarra eta eraginkorra eman ahal izango zaio.

Udal tramiteak bertan behera gelditzen dira

Alarma-egoera deklaratzen duen 463/2020 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, udal-izapide guztiak etenda geratzen dira. Errege-dekretu honek eta haren luzapenak indarra galtzen dutenean berrabiaraziko dira epeak.

Hala ere, ziurtagiri digitala edukita, www.donostia.eus webgunean izapideak elektronikoki egin daitezke. Gogorarazten da izapidetze elektronikoa nahitaezkoa dela pertsona juridikoen kasuan.