Europak 164 milioi euroko premiazko deialdia egin du koronabirusaren aurkako irtenbide berritzaileak lortzeko

0

Europako Batzordeak 164 milioi eurorekin finantzatuko ditu koronabirusari aurre egiteko gai diren berrikuntzak eta teknologiak garatzen dituzten ETEak eta start up-ak. Eskaerak aurkezteko epea bihar, martxoak 18, amaituko da, 17:00etan, eta, beraz, Berrikuntzaren Europako Kontseiluaren azeleragailuak sustatzen duen finantzaketa horretarako eskabideak lehenbailehen egiteko eskatu du Batzordeak.

Batzordeak bizkortu egin nahi du Berrikuntzaren Europako Kontseiluaren diru-laguntzak emateko prozesua finantzaketa konbinatuarekin (diru-laguntzak eta kapital-inbertsioak) koronabirusaren aurka borrokatzea ahalbidetzen duten berrikuntzei, baita beste finantzaketa- eta inbertsio-iturri batzuetara bidea erraztu ere.

Kontseilua dagoeneko laguntzen ari da koronabirusa menderatzeko berrikuntza garrantzitsuak dituzten enpresa eta ETE berriei, aurreko txandetan emandako funtsen bidez, hala nola isolamendu-unitate espezializatuetarako EpiShuttle proiektua, material birala ezabatzeko iragazketa-teknologiarako m-TAP proiektua, eta epidemietan giza mugikortasuna arakatzeko MBENT proiektua.

Basque Enterprise Europe Network

Enterprise Europe Network nazioarteko proiekzioa duten enpresa txiki eta ertainei laguntzeko munduko sarerik handiena da; Europako Batzordeak sustatzen du eta bertan parte hartzen du Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak. Basque Enterprise Europe Network euskal nodoa munduarekin konektatuta dago, ETE berritzaileei nazioartean hedatzeko aukera emango dieten zerbitzuak eskaintzeko. Enpresa txiki eta ertainetan ardaztuta, negozioetan nazioarteko elkartzeak lortzen laguntzen die sareak, hazteko teknologiak eta ideiak aurkitzen ere bai, eta aholkularitza espezializatua eskaintzen die. Euskal nodoaren parte dira SPRI Taldea, BEAZ, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak, eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia.