Arabako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak gaur goizean Zerga Premiazko Araugintzako Dekretua onetsi du zeinak jasotzen baititu premiazko neurri ekonomikoak, bai Arabako ehun ekonomikoaren likidezia bermatzeko bai COVID-19 birusak eragindako osasun krisitik eratorritako kalte ekonomikoak gutxitzeko.
Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatua, Itziar Gonzalo, Arabako Batzar Nagusietako Batzorde Iraunkorrean agertuko da araugintzako dekretua aurkezteko. ALHAOn argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean dekretu hori, eta atzeraeraginezko izaera izango du, 2020ko martxoaren 14tik aurrerako ondorioekin.
Neurriak gaur goizean bertan aurkeztu dituzte Zerga Koordinaziorako Organoan, eta bertan hiru euskal aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak parte hartu dute. Neurrien helburu orokorra da Arabako zergadunen zerga betebeharrak atzeratzea, eta, era berean, Foru Ogasunaren aldetik diru sarrerak aurreratzea.
Kalkuluen arabera, langile autonomoen ordainketa zatikatuak baliogabetzearen ondoriozko eragin ekonomikoa 16,5 milioikoa izango da. Era berean, indarrean dauden zatiketak ordaintzeko atzerapenak bi milioi euro inguruko eragin ekonomikoa izango du.