Alojamendu bat erreserbatu dut Hondarribian Aste Santurako, eta bertan behera utzi nahi dut, baina esan didate zenbateko bat ordaindu behar dudala erreserba ezerezteko. Hori egin daiteke?
Egun (2020-3-17), ez dago Aste Santuari eragiten dion mugarik eta, beraz, kontratuko baldintzak bete behar ditugu. Beharbada, alojamenduak eskubide osoa izango du erreserbagatik kobratzeko eta, beraz, negoziatzea gomendatzen dugu.
Besterik izango litzateke zure erreserba San Joseko zubirako izatea. Kasu horretan, mugimenduak mugatuta daude eta, ondorioz, alojamenduak nahitaez eta batere kosturik gabe ezereztu behar du erreserba. Ordaindutakoa itzuliko ez balizute, erreklamazio bat jar dezakezu Kontsumobiden.
Egonaldia eten mugimenduak mugatu dituztelako
Duela astebete, Benidormeko hotel batean nengoen ostatu hartuta eta, orduan, konfinamendua agindu da; nik, ordea, beste astebete nuen, baina erabaki dut etxera itzultzea eta hotelak ez dit itzuli nahi artean erabili ez dudan egonaldi-zatia.
Guk akordio batera heltzea gomendatzen dugu. Benetan, konfinamendu-aginduak zure etxera itzultzeko baimena ematen du eta, beraz, ez zenuke batere arazorik izango zure egonaldia amaitzeko. Egia da, hala ere, hotelean konfinatuta amaitu beharko zenuela, baina kasu honetan, kontratuko idatzizko esanak agintzen du.
Dena den, kasuistika horiek, berriak direnez, ez daude arauan espresuki aurreikusita eta, ondorioz, esan dugun bezala, guk gomendatzen dugu establezimenduarekin akordio batera heltzea; aldiz, gogobetetzen ez bazaitu, erreklamazio bat jar dezakezu Kontsumobiden. Hartara, zure egoeraren berri uzten duzu adierazita, badaezpada salbuespenezko araudirik ad hoc egiten bada.
Hoteleko erreserba bidaia-agentzia baten bidez egin baduzu (izan fisikoa, izan Internetekoa), agentzia horrekin ahalegindu beharko zara akordio batera heltzen; aldiz, erreserba zuzenean hotelarekin egin baduzu, hotelarekin.
Ezin hara joan muga itxi dutelako edo sorburuan mugimendua mugatu dutelako
Londresen hotel bat dut erreserbatuta, baina ezingo naiz hara joan, Espainiak bidaiatzeko debekua agindu duelako. Esan didate haiek irekita daudela eta ez dagoela arazorik Londresera sartzeko. Dirua itzuli behar didate?
Kasu horretan eta antzekoetan, onena da akordio batera heltzen saiatzea, beharbada ez baituzu erreserba berreskuratuko (batzuetan egonaldi osoa dena). Gainera, erreserba nola egin duzun erabakigarria izan daiteke.
Erreserba bidaia-agentzia baten bidez egin baduzu (fisikoa edo Internetekoa), bidaia-agentziari egin behar diozu erreklamazioa. Agentzia hori fisikoki estatuko lurraldean egon edo Interneten egon, bidaiatzeko debekuak babestu egiten zaitu, eta erreserbaren zenbatekoa itzuli beharko dizute, edo erreserba ezereztea onartu, batere kosturik gabe.
Erreserba zuzenean alojamenduarekin egin baduzu, berriz, arazoa bestelakoa da. Bera ez dago Espainiako legediaren eraginpean, eta alojamendua irekita dago. Ondorioz, zure ahalegina ezereztetzat har daiteke eta, beraz, kontratuak esaten duena bete beharko duzu. Guk gomendatzen dizugu akordio batera heltzea eta, lortzen ez baduzu, erreklamazio bat jar dezakezu Kontsumobiden; Europako legediak babestu zaitzake, baina zailagoa da.
Ezereztu ekintza bat bertan behera geratu delako
Sevillan bi gaueko hotela ordaindu nuen kopa-finalerako, eta hotelak esan dit ez didala ordaindutakoa itzuliko erreserba ezerezten badut. Eskubidea du hori egiteko?
Guk gomendatzen dugu akordio batera heltzea eta, lortuko ez bazenu, egoera zertan geratzen doan itxoitea. Egun (2020-3-17), ez dago mugarik apirilaren 18an Sevillara bidaiatzeko, baina ezin da baztertu gobernuak onartutako neurriak luzatu ahal izatea.
Itxoiten baduzu eta, azkenean, gobernuak onartutako neurriak apirilaren 18 arte luzatzen badira, hotelak nahitaez itzuli behar dizu ordaindutakoa; hala egiten ez badu, erreklamazio bat jar dezakezu Kontsumobiden.
Itxoin gabe erreserba ezereztu nahi baduzu (edo, zorionez, murrizketak data hori arte luzatzen ez badira), gomendatzen dizugu akordio batera heltzea. Kasu horretan, kontratuak esaten duenari lotu behar gatzaizkio. Egia da zuk finalean pentsatuz egin zenuela erreserba, baina legez bi ekintza horiek ez dute loturarik; beraz, hotelak eskubidea izango du zuri erreserba ezereztu izana kobratzeko hitzartutako arauen arabera, eta ordaindutakoaren % 100 izan daiteke.
Betiere, akordio batera heltzen ez bazara, erreklamazio bat jar dezakezu Kontsumobiden, baina gogoan izan lehendabizi establezimendura zuzentzea dela onena: kontratazioa zuzenean hotelarekin egin baduzu, hotelera; aldiz, bidaia-agentzia batekin egin baduzu, bidaia-agentziara.