Kirolaren Euskal Eskolak e-learningeko programa bat abiarazi du, etengabeko prestakuntzako bere eskaintzari jarraipena emateko

0

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren mende dagoen Kirolaren Euskal Eskolak kirol teknikarientzako etengabeko prestakuntza eskaintzen jarraituko du datozen egun eta asteotan, e-learningeko plan baten bitartez (urrutiko prestakuntza eta autoprestakuntza). Erabaki horrek Larrialdiei Aurregiteko Euskadiko Bidearen aktibazioa eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan ezarritako larrialdi egoera ditu jatorri, horrek ohiko prestakuntza-eskaintza aldatzera behartu baitu. Bide berri honen bitartez, iaztik garatzen ari den eraldatze digitaleko prozesua indartu eta bizkortu nahi du Kirolaren Euskal Eskolak.

Kirolaren Euskal Eskolak eraldatze digitaleko prozesu bat abiarazi zuen 2019. urtean zehar, eta apustu horri esker, 1.000 kirol teknikari baino gehiago prestatu ditu azken hilabeteotan. Prestakuntza-arloek jarduera fisikoaren gai guztiak jorratzen dituzte: kudeaketa, kirol prestaketa edota kirol zuzendari, teknikari eta entrenatzaileentzat interesgarriak diren zeharkako bestelako gaiak.

Orain, Covid-19 birusaren hedatzeak ekarri duen egoeraren harira, Kirolaren Euskal Eskolak eraldatze digitaleko prozesu hori indartzea eta bizkortzea erabaki du. Bere prestakuntza- eta hezkuntza-eginkizuna ez etetea da helburua eta, horretarako, kirol teknikarien etengabeko prestakuntzari loturiko hezkuntza-egitura ezberdinetan oinarritutako e-learningeko plan bat (autoprestakuntza eta urrutiko prestakuntza) eskainiko du.

  1. Online hitzaldiak, kirolaren zientziei loturiko gai ezberdinei buruzkoak. Kirolaren Euskal Eskolaren bideo-kanalaren bitartez eskainiko dira eta hizlariei galderak egiteko aukera eskainiko du.
  • Eguneratzea indar-entrenamenduan.
  • Eguneratzea erresistentzia-entrenamenduan.
  • Kirol espezialitate ezberdinetako metodologia.
  • Indarkeria kirolean prebenitzeko ekintzak.
  • Genero-ikuspegia txertatua duten kirol politikak.
  1. Intereseko arloen inguruko ikastaro monografikoak, Kirolaren Euskal Eskolaren kanpus birtualaren bitartez.
    • Telelan-erremintak kirol arlorako.
    • Lehen sorospena kirolean.
    • Berdintasunarekiko sentsibilizazioa.
    • Teknologien erabilera arduratsua adingabeen kirolaren arloan.
    • Kirola eta desgaitasuna.
    • Kirol jokabidearen oinarri psikosoziopedagogikoak.
  1. Web-mintegiak eta ikasgai magistralak.
    • Kirola eta iraunkortasuna.
    • Giza-lekualdatzeen analisia.
    • Komunikazioa, indarkeria prebenitzeko.

Prestakuntza-jarduera hauek doakoak dira. Parte hartzeko, ondoko webgunean irekitako izena emateko bideak erabili behar dira: www.euskadi.eus/gobierno-vasco/escuela-vasca-del-deporte. Kirolaren Euskal Eskolaren newsletterrean ere izena emateko aukera egongo da. Prestakuntza-jarduera bakoitzean eskaturiko gutxieneko baldintzak bete dituzten ikasle guztiek aprobetxamendu-egiaztagiri bat jasoko dute. Informazio gehiagorako, posta bat bidali kirolekola@euskadi.eu helbidera.