Konsoni Lantegiko bisitak egokitzea erabaki dute

0

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak (AVPIOP-IOHLEE) erabaki dute Konsoni Lantegira egin ohi diren bisita gidatuak egokitzea, eta informazio hori, ahal den neurrian, sare sozialen bitartez eskainiko dute. Erabaki horren arrazoiak Euskadiko Herri Babeseko Planaren aktibazioa eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratu zuen larrialdi-egoera dira.

Ekimenaren helburua da orain arte bezala Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ondarearen dibulgazio-lanean jarraitzea, kontuan hartuta Covid 19a ez zabaltzeko hartu diren neurriak. Konsoni Lantegirako bisitak ostiraletan egiten zirenez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta AVPIOP-IOHLEEk erabaki dute ekimen hori ostiral guztietan bultzatzea murrizketek irauten duten bitartean. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ondarean interesa duten pertsonek aukera izango dute Konsoni Lantegian biltegiratutako ondarearen inguruko informazio kualifikatua etxetik bertatik jasotzeko. Horretarako, nahikoa dute #PatrimonioIndustrialEnCasa – #IndustriaOndareaEtxetik traolak erabiltzea, hala twitterren nola facebooken. Aurrez aurreko bisitetan gertatzen den bezala, erabiltzaileek zalantzak argitu eta ekarpenak egiteko aukera izango dute.

Konsoni Lantegia

Konsoni Lantegia Zorrotzaurren kokatuta dago (Bilbon), eta EAEko industria-ondare garrantzitsuena biltzen du bertan. Consonni enpresan tranbia-balaztak eta motor elektrikoen osagaiak fabrikatzen ziren garai batean, eta, 2002tik aurrera, instalazio horietan era guztietako industria-elementuak biltzen hasi ziren, Eusko Jaurlaritzak Barakaldoko Orconerako pabilioietan 80ko hamarkadatik biltegiratuta zegoen industria-materiala bertara eramatea erabaki zuenean. Era berean, 2017. urtetik Konsoni maiztasunez bisitatua izaten hasi zen Eusko Jaurlaritzak bultzatutako bisita gidatuen programa baten bitartez, Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearekin lankidetzan.

Une honetan, Eusko Jaurlaritzaren eta Barakaldoko Udalaren arteko hitzarmen bati esker, aurreikusi da Konsoni Lantegia hustea eta bilduma osoa jatorrizko lekura itzultzea: Barakaldoko Orconerako pabilioietara. Hor, Eusko Jaurlaritzak Orconera-Lutxanako Industria Ondarearen Bilduma jarriko du martxan hurrengo udazkenean, eta egun Konsonin biltegiratuta dagoen material osoa hantxe egongo da, baita etorkizunean jaso ahal izango diren beste elementu batzuk ere. Eusko Jaurlaritzak aste honetan onartu du Barakaldoko Udalak pabilioi horiek laga eta aipatutako industria-ondareari buruzko bilduma hortxe jartzea.

Konsoni Lantegian dagoen materialaren artean, besteak beste, honako elementuak aurki daitezke: Bizkaiko Labe Garaietatik ateratako elementuak, Euzkadi egunkariaren errotatiba, Bilboko portutik ateratako elementuak (adibidez, garabiak eta mutiloiak), Eibarko armategietako piezak, Lube Barakaldoko markako motoak, Muskizko Petronor instalazioko maketak edota joan den mende hasierako suhiltzaileen kamioia.