Eusko Jaurlaritzak telelana autonomoetan eta ETEetan berehala ezartzeko eta aholkularitza emateko zerbitzua jarri du abian

0

COVID-19 sortzen ari den egoera eta agintari eskudunek hartutako neurriak ikusita, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, SPRIren bitartez, telelana aholkatu eta ezartzeko INPLANTALARIAK zerbitzua jarri du abian, autonomoen eta ETEen eskura, beren etxetik jarduerarekin edo haren zati batekin jarraitzea ahalbidetuko dien teknologiaren erabileran laguntzeko.

Zerbitzu hori doakoa izango da, eta autonomoentzako eta enpresentzako aholkularitza-esperientzia handia duen teknologia-aholkulari talde batek emango du modu telematikoan. Horri esker, enpresan tresna teknologikoak modu eraginkorrean ezartzeko eta erabiltzeko moduari buruzko balio-ezagutza izango du, telelana bermeekin eta segurtasunarekin ezartzea lortzeko.

Aholkulari teknologikoen taldeak telelanerako tresnen eta erabilera-praktiken katalogo bat du, autonomo eta ETEei honakoak erraztuko dizkiena:

  • Erabiltzeko erraztasuna.
  • Berehala ezartzea.
  • Autonomoak eta ETEak barne hartzen dituen enpresa-sarerako aplikagarritasuna, telelanaren bidez egin daitezkeen probabilitate handieneko eremuei eragiten diena.
  • Gaitasun teknologikoaren bideragarritasuna; hori dela eta, prestakuntzarik gabeko enpresek ere erabili ahal izango dituzte, eskainitako zerbitzuak ematen duen aholkularitzarekin.
  • Teknologiaren kostu eskuragarria, baita doakoa ere, kasu askotan.
  • Enpresek euren egoera islatuta ikusiko duten erreferentziazko erabilera-kasuen adibideak egotea.

Zerbitzua honako hauek eskaintzeko eta lortzeko diseinatu da:

  • Euskadiko autonomoen eta ETEen kolektiboan berehala ezartzea, modu telematikoan, hala eskatzen badute.
  • Birtualizatu daitezkeen, hau da, telelanaren bidez egin daitezkeen enpresako arloen identifikazioa.
  • Laguntza jarraitua, enpresa eskatzaileetan benetan ezarri ahal izateko gida baten bidez. Gida hori telefono bidezko eta urrutiko aholkularitza-zerbitzuari lagunduko zaio, honako arlo hauetan:
    • Informazioa bezeroekin, langileekin, hornitzaileekin, bazkideekin, ea. komunikatzea eta partekatzea.
    • Lankidetza-lana egitea enpresa-dokumentazioa sortzeko, hala nola eskaerak, lanak, ea.
    • Enpresarentzat funtsezkoa den informazioa urrutitik atzitzea, kontsultatzea, erregistratzea eta biltegiratzea, hala nola bezeroekiko harremanak, eskaeren fitxak, fakturak, ea.
    • Lanaren banaketa edo proiektuen/eskaeren egoera urrutitik kudeatzea.
    • Enpresaren kudeaketa eraginkorra ahalbidetuko duten informazioa aztertzea eta erabakiak hartzea, egoeraren, portaeraren eta joeren arabera, ohar/abisuen kudeatzaileekin.
    • Agendak/hitzorduak/entregak enplegatuekin, bezeroekin edo bazkideekin sinkronizatuta kudeatzea.
    • Bulegoko ekipoetara urrutitik sartzea.
    • Enpresaren jarduera azkarrago egiten duten jarduerak bizkortzea eta geolokalizatzea.
    • Konponbide multzo horri segurtasun ezin hobea emango dion zibersegurtasuna, datuak lapurtzea edo manipulatzea saihestuko duena.

Aholkularitza eskaera

INPLANTALARIAK zerbitzua eskatzeko, autonomoak edo ETEak SPRIko Bezeroarentzako Arreta Zerbitzura jo behar du (telefonoa: 902.702.142/Helbide elektronikoa: Info@spri.eus). Zerbitzu horrek INPLANTALALARIAK zerbitzuarekin harremanetan jarriko du, eta zerbitzuak zer arlotan jardun dezakeen azalduko dio, telelanaren bidez.

Zerbitzuen katalogoa etengabe eguneratzea

Zerbitzu hori etengabe eboluzionatzen ari denez, autonomoen eta ETEen beharren arabera, euskal enpresa-sarean telelana ezartzen lagundu dezaketen tresnak, teknologiak edo praktikak dituzten zerbitzu teknologikoen enpresak SPRIrekin ere jar daitezke harremanetan beren zerbitzuak eskaintzeko. SPRIk proposamen bakoitza ebaluatuko du tresnen potentzialtasun-irizpideak, enpresa-sarerako balioa eta ezarpenaren bideragarritasuna kontuan hartuta. Aukeratutako soluzioak telelanerako teknologien liburu zuri batean jasoko dira, eta liburu hori autonomoen eta ETEen eskura jarriko da.