Indesa 2010 zentro bereziak bere jarduera itxiko du, ikuztegia eta sukaldea izan ezik

0

Indesa 2010 enplegu-zentro bereziak, Arabako Foru Aldundiak partaidetza handiena duen sozietateak, bere ekoizpeneremu guztiak itxi ditu, ikuztegia eta sukaldea izan ezik, izan ere azken bi hauek ezinbestekoak baitira Osakidetzaren eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) beharrei erantzuteko, koronabirusak gaur egun sortutako osasun-alerta egoeran.

Zehatz mehatz, ikuztegi-zerbitzua mantentzen jarraituko du, eta horretarako, COVID-19ren aurkako babes-ekipamenduez hornitu dira bere langileak. Zerbitzu hau, funtsean, Arabako Unibertsitate Ospitaleari (AUO) eta haren bi zentroei (Txagorritxu eta Santiago) ematen zaie, baita Debagoieneko Ospitaleari eta GOFEren egoitzei ere.

Horrez gain, sukalde zerbitzua eskaintzen jarraituko du, foru egoitzei eta mendekotasuna duten pertsonei, Etxean Zurekin foru programa berriaren bidez dagoeneko etxez- etxe egindako menuen banaketan sartzen ari baitira. Era berean, bere garbiketa-jarduera foru-egoitzetan zerbitzu hori ematera mugatuko da.

COVID-19k sortutako egoeraren ondorioz, eta langileen arteko kutsatzeak saihestu eta geldiarazte aldera, Indesa 2010ek aldi baterako etengo du bere jarduera Gasteizen, Laudion eta Oionen dituen bere industria-lantegietan. Gasteizko Aireportuko kafetegian, arabar hiriburuko gizarte-etxeen garbiketan, lorategien mantentze-lanetan eta desgaitasunentzako laguntza teknikoak konpontzeko tailerrean ere lan egiteari utzi dio.

Indesa 2010, kapital publikoko sozietatea da, eta Arabako Foru Aldundiak, zati handi batean, eta lurraldeko hainbat toki-erakundek eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzen dute. Arabako desgaitasunen bat duten pertsonentzako kalitatezko enpleguaukera iraunkorrak, sozialak, ekonomikoak eta iraunkorrak sortzea du helburu, haien laneratzea eta gizarteratzea lortzeko bide gisa, eta 800 langiletik gorako plantilla du; horietatik, hamarretik bederatzi desgaitasunen bat duten pertsonak dira.