Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak guardiako ostatu-establezimenduen sarea sortu du. Hartara, ostatu-establezimendu horiek ateak ireki ahal izango dizkiete funtsezko oinarrizko zerbitzuetako langileei (garraiolariei, garbiketa edo desinfekziorako lekualdatutako langileei, eta abar), baldin eta une jakin batean ostatu hartu behar badute.
Osasun Ministerioak, 257/2020 Aginduaren bidez, turismo-ostatuko establezimenduak ixtea agindu zuen, salbuespen batzuk izan ezik. Ondoren, Turismo Sailak Turismoaren Sektoreko Konferentzian parte hartu du ministroarekin eta Estatuko idazkariarekin, baita gainerako autonomia-erkidegoekin batera ere, eta hainbat harreman izan ditu Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioarekin, langile horiei arreta emateko ireki ditzaketen guardiako hotel batzuk ezartzeko.
Sonia Pérez Ezquerra sailburuak azaldu duenez, aukeraketa horretan “Euskadiko Hotel eta Ostalaritza Elkarteekin elkarlanean jardun du”. Hauek dira hautatu diren hotelak, baina zerrenda handitu ahal izango da:
BIZKAIA
Ercilla hotela
Bilboko Santiago apartamentu turistikoak
Abba Suites Bilbao City Center Bilbao (apartamentuak)
ARABA
Jardines de Uleta hotela
Ruta de Europa hotela
GIPUZKOA
Legazpi ostatua
HK10 hotela
Arima apartamentuak
Apopiloak izan ditzaketen ostatuak
257/2020 Aginduak, gainera, zenbait salbuespen zehazten du, guardiako ostatuez gain. Salbuespen horien bidez, establezimendu turistikoak jendearentzat irekita egon daitezke, baldin eta bezeroak, alarma-egoera deklaratu zen unean, modu egonkorrean ostatu hartuta badaude eta sasoiko ostatu hartuta badaude, betiere okupatzaileek premia biziko jarduerak egin ahal izateko azpiegiturak badituzte beren bizitoki-espazioetan.
Hori dela eta, establezimendu horiek azpiegituretako langileak edo lekuz aldatutako langileak, adibidez, hartu ahal izango dituzte.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, halaber, beste erakunde batzuekin elkarlanean ari da eta sektoreari etengabe aholkuak eta informazioa ematen ari zaio, Covid 19aren ondorioei ahalik eta eraginkortasun handienarekin aurre egiteko. Horretarako, informazio-postontzi bat jarri du sektorearen eskura.