Lurraldeko eragile ekonomiko nagusiak bildu ditu Foru Aldundiak

0

Arabako Foru Aldundiak lurraldeko eragile ekonomiko nagusiak bildu ditu gaur, COVI-19k enpresetan eragindako egoera bertatik bertara ezagutzeko, haien kezkak entzuteko eta proposamenak jasotzeko. Gainera, foru erakundeak bilera aprobetxatu nahi izan du enpresa sarearen alde eta gainerako esparruetan egiten ari den urratsen berri emateko.

«Krisi oso larri bati aurre egiten ari gara, lehentasuna pertsonen bizitza eta osasuna da, eta gure ahaleginak eta baliabideak hori defendatzera bideratzen ari gara, bereziki arlo soziosanitarioan. Baina egoera hori posizio prekarioan uzten ari diren pertsonez ere arduratzen gara, etorkizunagatik, enpleguengatik eta enpresen jarraitutasunagatik «, azaldu du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, foru gobernuko hainbat kiderekin batera egindako bileran.» Lan horri jarraipena eman nahi diogu, elkarrekin lan egitea bilatzen duguna lortzeko modurik onena delako, krisi honetan galtzen dena berreskuratzea, eta enpleguak berreskuratzea”.

Aldundiak, Ekonomiaren Garapen, Berrikuntza eta Erronka Demografiko Sailaren bitartez, orain arte koordinazio-bilera batzuk egin ditu SEArekin eta Arabako Merkataritza Ganberarekin, eta bilera horietara batu dira gaur UAGA eta Aenkomer. Eragile horiei, eta datozen egunetan batu daitezkeenei, orain arte maila instituzional ezberdinek hartutako neurriak aztertzea eskatu zaie, jasota ez dauden neurriak identifikatzea, edo jasota egonda ere hobetu edo indartu daitezkeela uste dutenak eta, era berean, lehentasunak ezartzen dituztenak. «Koordinazioaren eta lankidetzaren bidez bakarrik jarri ahal izango ditugu martxan jarduera-ildoak eta neurri zehatz eta eraginkorrak, COVID-19k Arabako sektore ekonomikoan dituen ondorioak gutxitzeko», azpimarratu du Gonzalezek.

Lan hori martxoaren 9an hasi zen, Arantza Tapia sailburuak Euskadiko eragile ekonomiko eta sozialekin deitutako bilera batekin. Bilera horretan adostu zen Eusko Jaurlaritzari talka-proposamenak bidaltzea enpleguaren, industriajardueraren, merkataritzaren, fiskalitatearen eta abarren esparruan. Arabak, une hartan lurralde kaltetuena zenez, lehenbailehen hainbat neurri lantzeko konpromisoa hartu zuen; proposamen horiek, eragile ezberdinekin bildu ondoren, Eusko Jaurlaritzak martxoaren 17an iragarritako planean sartu ziren.

Etorkizuneko neurriei begira, gaurko bileran parte hartu duten eragileek beren proposamenak azaldu dituzte. Ildo horietan lanean ari da jada Arabako Foru Aldundia, bai erakundeekin koordinatzeko, bai mekanismo propioekin abian jartzeko.

Horrela, Aldundia lanean ari da informazioa enpresa txiki eta ertainei (ETEei) eta autonomoei hurbiltzeko, erakunde publikoek beren esku jarritako laguntza guztiez baliatu ahal izan daitezen eta laguntza horien erabilera eraginkorrena egin dezaten, egoeraren ondorioak arintzeko, 2019ko/20ko deialdietan Foru Aldundiak lagundutako jarduerak gauzatzen laguntzeko, telelanari laguntzeko neurriak hartzeko edo esleipenak eta erosketak arintzeko.

Nekazaritza

Gaur goizeko bileran izan den berrikuntza handienetako bat UAGAren presentzia izan da. Arabako nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpen-sektorea oraingoz ez dago kaltetuenen artean, baina azpisektore eta kolektibo batzuek ere asaldura eta inpaktu ekonomiko larriak jasango dituzte.

Erakundeek modu koordinatuan lan egiten dute krisiak eragindako ekoizpeneta ekonomia-sektoreetarako neurri-multzo batean, eta horietako batzuek harreman zuzena izango dute nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpen-sektorearekin eta nekazaritzako elikagaien industriarekin.

Hala ere, neurri horiek beste neurri batzuekin osatu ahal izateko lanean ari da Aldundia, enpresa-tipologia horrentzako aplikazio-eremu espezifiko batekin.

Adibidez, ekoizpen-jarduera errazteko neurriekin, merkaturatzeko neurriekin eta berraktibatzeko neurriekin.

Zerga-arloa

Neurri horiek bat egiten dute martxoaren 18an Gobernu Kontseiluak onartutako Premiazko Zerga Araugintzako Dekretu baten bidez onartutakoekin. Dekretu horrek Arabako ehun ekonomikoaren likidezia bermatzeko eta COVID-19 birusak eragindako osasun-krisiak eragindako kalte ekonomikoak minimizatzeko premiazko tributu-neurriak jasotzen zituen.

Foru egoitzak

Bestalde, Arabako suhiltzaileak desinfekzio-lanak egiten ari dira foruegoitzetako sarbideetan eta kanpo-eremuetan. Atzo Samaniego, Zadorra, Ajuria, Txagorritxu eta Lakua zentroetan egin zuten, eta gaur Etxebidea, San Roke (Laudio), San Anton de Armuru (Amurrio), Sallurtegi (Agurain) eta Nuestra Señora de las Viñas (Oion) egoitzetan osatuko dute lana.