UPV/EHUk 2.700 eskolatik gora ematen ditu egunero bideokonferentziaz

0

Aurrez aurreko jarduna eten duenetik astebete igaro barik, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU)  EHUedonondik programa prestatu du, irakaskuntza ez-presentzialerako oinarriak eta jarraibideak ezartzen dituena. Aldi berean, unibertsitateak tresnak eta ikastaroak jarri ditu irakasleen esku, irakaslana modalitate birtualera egokitu dezaten. Neurri hauen bidez, irakasleek eta ikasleek eskolekin jarraitu ahal izango dute, modu ez-presentzialean, COVID-19 koronabirusak sortutako pandemiak ekarri duen konfinamenduak dirauen artean.

Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreorde Idoia Fernandezek azaldu duenez, «EHUedonondik programarekin, ikasteko ingurune alternatiboak eta lankidetzazkoak ezartzeko baldintzak jarri ditugu, lehen aurrez aurre lantzen genituen irakasgaiekin jarraitu ahal izateko».

Programa oinarritzen da UPV/EHUko Campus Birtualean  —eCampusean—. bildutako esperientzia zabalean. Irakasgaien irakaskuntza gidak egoera ezohiko honetara egokitu dira. Irakasleek oso azkar erantzun dute. Badira urte batzuk UPV/EHUk  eGelako Moodle plataforma propioa erabiltzen duela ikasgelako irakaskuntzaren tresna osagagarri gisa. Joan den martxoaren 9an aurrez aurreko irakaskuntza Arabako Campusean eten zenetik, baina, Moodle ikasleekiko harremanetarako kanal nagusia izatera pasatu da. Gauzak horrela, e-Gelako saioen kopurua 325.293 izatetik 581.765 izatera igaro da, hots, % 78.8 hazi da. Irakaskuntza ez-presentzialeko lehenengo aste honetan 90.000 saiotik gora izaten ari dira egunero eGelan.