Eusko Jaurlaritzak kolektiborik kalteberenei eta familiei zuzendutako gizarte-laguntza berriak onartu ditu

0

Gaur astearteko Gobernu Kontseiluak, inor atzean ez uzteko premisari jarraikiz, ezohiko hainbat neurri sozial gaitu ditu euskal familiei eta pertsonei laguntzeko (eta, bereziki, kolektiborik kalteberenei). Neurri horiek pandemiaren beste ondorioak jasaten ari diren edo jasango dituzten pertsonei zuzenduta daude.

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak 16 milioi eurotan gehitu du (27,5etik 43,5era) Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak aurten gizarte-larrialdietarako laguntzetara bideratu zuen urteko aurrekontua. Gainera, funts berri bat sortu du bazterketa-arriskuan edo bazterketa-egoeran dauden pertsonei laguntzako eta haurren pobreziari aurre egiteko. Zehazki, 10 milioi euro bideratu ditu horretarako. Azkenik, lan-bizitza eta familia-bizitza kontziliatzeko laguntza-programa aldatu egin da. Izan ere, egoera berriak txertatu dira eta jaso beharreko zenbatekoak gehitu dira, 15 milioi euroko aurrekontua gehituz.

Ekonomia globalari eta etxeko ekonomia askori erasango dien egoera berezi eta berri honek kaltetutako kolektiborik ahulenei zuzendutako lehen ekintzak dira.

GLLen gehikuntza

Gobernu Kontseiluak gaur hartu dituen lehen neurrietako bat 2020ko gizarte-larrialdietarako laguntzetarako aurreikusitako urteko zuzkidura 16 milioi eurotan gehitzea izan da. Horrela, beraz, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren ekarpena 27,5 milioi eurotik 43,5 milioi eurora igoko da.

GLLak etxebizitzaren mantentzearen eta arropari, hezkuntzari, prestakuntzari eta osasun-arretari lotutako lehen mailako premien ondoriozko gastu mota orotara bideratzen dira. Azken batean, bizitzako oinarrizko premiei erantzuteko beharrezkoak diren gastuak dira. Familiek oinarrizko gizarte-zerbitzuen bitartez eska ditzakete, eta Euskadiko udalek jasotzen dute Eusko Jaurlaritzaren guztizko aurrekontutik dagokien zati proportzionala, biztanlerik kalteberenen artean banatzeko.

Gaur 2020. urterako onartu den aurrekontu-gehikuntzaren bidez, Euskadiko familiarik pobretuenen ekonomiek jasan dezaketen okerragotzearen ondorioz datozen asteetan edo hilabeteetan sor daitekeen eskariari erantzuteko funtsak jarriko ditu Eusko Jaurlaritzak udalen esku.

Laguntza hauek herrietako gizarte-zerbitzuetako bulegoetan tramitatzen dira.

Funts berria bazterketaren esparruan

Egoera honetan, Eusko Jaurlaritzaren ustez beharrezkoa da bazterketa-egoeran edo egoera hori jasateko arriskuan dauden pertsonentzako baliabide gehigarriak aktibatzea, krisi-egoera honek ahalik eta ondoriorik txikiena izan dezan eta pertsona horiek larriki kaltetu ez ditzan. Horretarako, 10 milioi euroko funts berri bat sortu du. Funts horren bidez, alde batetik, haurren pobreziari aurre egin nahi zaio, baliabiderik ez duten familiei lagunduz, eta, bestetik, beste kolektibo kaltebera batzuk (zirkunstantzia hauetan are kalteberagoak direnak) babestu nahi dira, hala nola bazterketa-baliabideen erabiltzaileak, etxerik gabeko pertsonak eta krisiaren ondorioz laguntza behar izango duten pertsonak. Kasu horietan, bizitokiak, mantenua eta premiazko materialak eskainiko dira. Halaber, laguntza emozionaleko mekanismoak indartzea aurreikusi da, laguntza hori eskatzen duten pertsonei eusteko eta laguntzeko eta gizarte-zerbitzuen sistemaren kolapsoa saihesteko.

Kontziliaziorako laguntzak

Lan-bizitzaren eta familia-bizitzaren kontziliazioaren arloan dauden laguntzak malgutzeko eta aldi batean luzatzeko, jaso beharreko zenbatekoak gehitzea eta jasotzeko baldintzak aldatzea erabaki du gaur Eusko Jaurlaritzak. 15 milioi gehiago bideratu dira.

Alde batetik, 16 astera bitarteko aitatasun- eta amatasun-baimenak parekatzeko programan, gurasokidea (eskatzailea ez dena) diruz lagunduko den jarduketa osoak dirauen aldian Gizarte Segurantzan alta emanda egoteko betekizuna malgutu egingo da, enpresarekiko lan-harremana COVID-19ren ondorioz etenda geratzen denean ere baimena ematen jarraitu ahal izateko, betiere kontratuaren etetea diruz lagunduko den jarduketaren aldian gertatzen bada.

Bestetik, malgutu egingo dira lan-bizitza eta familia-bizitza kontziliatzeko laguntzak, eszedentzia hartzeko edo lanaldia murrizteko laguntzen bidez, era horretan ikastetxeen eta arreta-zentroen itxierak eraginpean hartutako adingabeak eta/edo mendeko pertsonak edota Covid-19k kutsatutako edo isolatutako pertsonak zaindu ahal izan daitezen. Ildo horretan:

  • Laguntza horiek emateko gutxieneko aldia malgutu egingo da. Orain arte 59 egunekoa zen aldi hori, eta orain txikiagoa izan daiteke, betiere datak bat badatoz zentroen itxierarekin edo diagnostikatutako pertsonek isolatuta egon behar duten denborarekin.
  • Laguntzen zenbatekoak bikoiztu egingo dira.
  • Adingabeak zaintzeko laguntzen kasuan, adina luzatu egingo da, eta 14 urtetik beherakoak hartuko dira kontuan adingabeak zaintzeko eszedentzietarako eta lanaldi-murrizketarako laguntzetan.

Laguntzak atzeraeraginezko izaerarekin malgutuko dira, ikastetxeak itxi ziren egunetik aurrera.

Laguntza hauek telematikoki tramitatu daitezke, www.euskadi.eus webgunearen bitartez, non zalantzak ere argitu daitezke. Edozein modutan, 012 telefonora ere deitu daiteke informazioa lortzeko.