Giza Eskubideen Idazkaritzak 150.000€ bideratuko ditu zaurgarritasun-egoera larrienetarako

0

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman die gaur Covid-19ak eragindako larrialdi-egoerari aurre egiteko helburua duten ezohiko bi laguntza sortari. Laguntza horiek zuzenduko zaizkie zaurgarritasun-egoeran dauden biktimei eta Eusko Jaurlaritzak nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzat irekitako aldi baterako harrera-zentroei.

Laguntzek guztira 150.000 euroko zenbatekoa dute, eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak kudeatuko ditu. Laguntzak sartzen dira Eusko Jaurlaritzak joan den asteko Gobernu Kontseiluan Covid-19aren hedapen globalak eragindako ondorioei aurre egiteko onartutako ezohiko laguntzen sorta orokorrean.

Hauek dira gaur onartutako laguntzak:

  • Zaurgarritasun-egoeran dauden terrorismoaren eta indarkeriaren biktimentzako laguntzak (100.000 euro)

Laguntza horien helburua da arrazoi politikoko indarkeria-testuinguru batean gertatutako giza eskubideen urraketa larrien eta terrorismoaren biktima aitortuen premia-egoerak arintzea, ahal den heinean. Biktima horiek jada egoera zaurgarrian zeuden eta enplegu prekarioak zituzten, eta haien egoera larriagotu egin da, enpresak Covid-19aren hedapena saihesteko aplikatzen ari diren euste-neurrien ondorioz. Pertsona horietako batzuek enpleguak galdu dituzte eta Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari laguntzak eskatu behar izan dizkiote.

  • Harrera-zentroetarako laguntzak (50.000 euro)

Laguntza horien helburua da Eusko Jaurlaritzak Euskadin nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonak aldi baterako hartzeko ireki dituen bi zentroetan Covid-19aren hedapena saihesteko ezohiko neurriak abian jartzea. Hauek dira bi zentro horiek: Larraña Etxea, Oñatin, 120 pertsonarentzako edukierarekin, eta Zuloaga Txiki, Tolosan, 30 pertsonarentzako edukierarekin.

Benetan premiazkoa izanez gero, xede bera izango duten neurriak ere hartu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren mende ez dauden baina Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta erakunde hauek kudeatzen dituzten zentroetan: CEAR Euskadi, ACCEM, Gurutze Gorria, MPDL eta Nueva Vida erakundeek. Euskadin, une honetan, guztira 1.000 harrera-plaza inguru daude (lehen harreraren eta lehen fasearen artean).