Koronabirusak sortarazitako krisiaren eragin ekonomikoa Hezkuntza Sailean

0

Koronabirusak eragindako krisiak, hezkuntza sistemaren ohiko funtzionamenduan sortarazitako kalte sakonetatik harago, ondorio ekonomikoak ere sortzen ditu Hezkuntza Sailean. Egoera salbuespenezkoa dela ikusita, Hezkuntza Sailak funtsezkotzat jotzen du ahalegin ekonomiko gehigarri bat egitea herritarrei, ikasleei eta euskal hezkuntza-sistemaren parte diren familiei eskaintzen dien zerbitzua aintzat hartuz.

Familien eskubideak lehenetsiz, beraz, Hezkuntza Sailak hainbat erabaki hartu ditu haien mesedetan. Euskal Hezkuntza Sistema ekitatiboa eta berdintasunezkoa denez, funtsezkoa da familiek jaso ditzaketen dirulaguntzak babestea.

Horrela bada, ikastetxeetako aurrez aurreko jarduera bertan behera geratu bada ere – eta horrekin batera garraio edo jantoki zerbitzuak–, jantoki-beka bat jasotzeko eskubidea duten familiek osorik jasoko dute laguntza hori. Zenbateko hori, gainera, ez da murriztuko ikastetxean zerbitzu horren beharrik izan ez duten egunen arabera. Horretarako, Hezkuntza Sailak 2,2 milioi euroko zenbatekoa kalkulatu du. Halaber, jangela zerbitzua erabiltzen duten familiek ere ez dute inolako kopururik ordaindu beharko etenaldiak irauten duen egunetan; 3,9 milioi euroko zenbatekoa du neurri honek.

Haurreskolak Partzuergoak ere antzeko erabaki bat hartu du, zerbitzu hau erabiltzen duten familientzat: koronabirusaren krisiak eraginda gelak itxita izango diren egunei dagozkien kuotak ez kobratzea erabaki du. Batez beste, Haurreskolak Partzuergoak 780.000 euro inguru jaso ohi ditu hilero familien kuoten kontzeptuan

Hezkuntzako zerbitzu osagarriei dagokienez (Hezkuntza Sailak kudeatzen ditu zerbitzu horiek ere, ikastetxe publikoetan), aurrez aurreko jarduera eteteak eragina du horietan ere. Egun hauetan gauzatzen ez diren zerbitzuak dira, baina Hezkuntza Sailak kostuaren zati bat bere gain hartu behar izan du. Une honetan, Hezkuntza Saila kostu hori zehaztuko duen kalkulu bat egitekotan da, besteak beste, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren babesean (COVID-19ren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko ezohiko premiazko neurriei buruzko Errege Lege Dekretua).

Azkenik, garrantzitsua da Lanbide Heziketaren alorretik ere, une zail hauetan beharrezkoak diren osasun-elementuak diseinatzen eta sortzen laguntzeko egiten ari den lanari balioa ematea. Jarduera hori garatu ahal izateko, Hezkuntza Sailak 300.000 euroko inbertsioa aurreikusten du hasieran, Lanbide Heziketako ikastetxe sare baten bidez osasun-ekipamenduak ekoizteko.