Lurraldearen Antolamendu Planak eta Hirigintza antolamenduko tresnak onartzeko, aztertzeko eta aldatzeko prozedurak erregulatzeko dekretua onartu da

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak Lurralde Antolamenduko Planak eta Udal Hirigintza Planak onartzeko prozedura arautzen duen Dekretua onartu du. Bertan sartuta daude Ingurumen Ebaluazio Estrategikoko tramiteak.

Orain arte bi prozedurak, nagusia, hirigintza-antolamenduko tresnei eta planei lotua, eta instrumentala, ingurumen-ebaluazioari lotua, lege diferenteek erregulatu izan dituzte. Ondorioz, batzuentzako eta besteentzako aurreikusitako tramiteek, zehaztapenek, dokumentuek eta terminologiak ez zuten behar bezalako loturarik. Horren ondorioz, praktikan, epeak luzatu egiten ziren eta zenbait tramitetan saihestu zitekeen bikoiztasuna gertatu da.

Dekretua tramiteen aldiberekotasuneko, prozedura sinplifikatzeko eta arrazionalizazioko printzipioetan oinarritzen da.

Arauaren bitartez udal-mailako hirigintza planen (HAPO) eta esparru murriztuagoko planen (Plan Partzialak eta Plan Bereziak) tramitazioa sinplifikatzen da eta, hirigintzako zein ingurumeneko epeak elkartuz, bateratzen da.

Erregulazio argiagoa edukitzea —segurtasun juridiko handiena eskaintzeko— eta tramitazio-epeak murriztea lortu da. Plan Orokorren kasuan, epe hori bi urte gutxiagokoa izan daiteke; garapen-plangintzarako urtebete gutxiagokoa; eta Xehetasun Azterketak hiru hilabeteko epean onartu ahal izango dira (gaur egun epe hori urte eta erdikoa izan daiteke).

Administrazioaren tramiteak arintzen saiatzeko bai sektore publikoak bai pribatuak egindako eskaerari erantzuten dio Dekretuak. Era horretan, udal-planak tokiko aginte batek dituen 4 urteko esparruaren mugarekin sustatu eta onartu ahal izango dira, plangintza prestatzeko eta tramitatzeko prozedurak sinplifikatuz eta arinduz.

Bide batez, azken erabaki judizialen arabera, Dekretuaren bidez honako hau argitu nahi da: Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legearen arabera, ordenantzak eta katalogoak ez dira plan gisa sailkatzen, eta beraz, ez dago haien ingurumen-ebaluazioa egiteko beharrik, hain zuzen ere, hirigintza-ikuspegitik ahalmen berritzailerik ez dutelako.

Parte-hartze publiko zabalaren ondorioz, hainbat alderdi berri jaso dira; horien artean honako hauek azpimarratuko ditugu:

  • Herritarren parte-hartzea sustatzea. Era horretan, hemendik aurrera lurralde-antolamenduko planek eta plan orokorrek, derrigorrez, euren parte-hartze programak indartu beharko dituzte, eta programa horietan herritarren eta elkarteen parte-hartze eskubidea ahalbidetzeko nahikoa helburuak, estrategiak eta mekanismoak ezarriko dira.
  • Dekretuaren printzipio orokorren artean, erregulatzen diren prozeduretan genero-ikuspegia hartuko da kontuan, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan (LAG) eta Saila hirugarren urtez jarraian ematen ari den dirulaguntzekin Udalak burutzen ari diren jardueretan modu aitzindarian jada egin dutenari jarraituz.